Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Bederatzi pertsona hil dira Kalifornian, tren enpresa batean izandako tiroketan
Gainera, hainbat pertsona zauritu dituzte, tiroz. Erasotzailea, enpresako langile bat, ere hil da.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Azken orduetan tiroketa izan da Ameriketako Estatu Batuetako San Jose hirian, Kalifornian, eta bederatzi pertsona hil dira, tartean, erasotzailea. Halaber, beste hainbat zauritu dira, gutxienez horietako bat larri.
Santa Clarako Trenbide Agintaritzak San Diegon duen egoitzan gertatu da tiroketa. Ustez, Samuel Cassidy bertako langilea izan da enpresan sartu eta lankideei tiro egiten hasi dena.
Russell Davis Santa Clara konderriko sheriffaren laguntzaileak baieztatu duenez, erasotzailea hil egin da. Hain zuzen ere, tiroketaren ostean bere buruaz beste egin omen du.
Bertan 06:34 zirenean jaso du lehen abisua Poliziak, hain justu, gaueko txandako langileak irteten eta goizekoak sartzen ari ziren unean.
Oraingoz ez dakite zergatik gertatu den tiroketa.
Glenn Hendricks konpainiako presidenteak gertatutakoa deitoratu du eta doluminak eman dizkie hildakoen senideei eta lagunei.