Mundua -

POBREZIA

EBko bost emakumetik batek ezin ditu hilerokoarentzako produktuak erosi

Zero Waste Europek eta Break Free From Plasticek manifestua aurkeztuko dute Europako Batzordean, produktu hauek ordaindu ezin dituenak doan eskuratu ahal izatea eskatuz, besteak beste.

Konpresak eta tanpoiak. Argazkia: Pixabay
Konpresak eta tanpoiak. Argazkia: Pixabay
Konpresak eta tanpoiak. Argazkia: Pixabay

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunean (EB) bizi diren bost emakumetik batek ezin ditu hilekoarentzako oinarrizko produktuak erosi, Break Free From Plastic mugimendu ekologistak igande honetan bukatuko den 'hilekoaren pobreziaz' kontzientziatzeko astea dela eta argitaratu dituen datuen arabera. Bizitzan zehar, emakume batek 14.000 produktu erabil ditzake hilerokoa dela eta, eta 4.500 euro inguru gastatu erabilera bakarreko produktuetan.

Zero Waste Europe gobernuz kanpoko erakundea ere buru belarri sartu da gai honekiko sentsibilitatea areagotzeko eta pobrezia murrizteko kanpainetan. Izan ere, hilerokoak ez izateak eragin handia du emakume batzuen bizitzan, ez baitira lanera edo eskolara joaten hilabete bakoitzean, astebetez.

"Oinarrizko produktu horiek erosteko aukera duintasun kontua da", adierazi du Larissa Copello Zero Waste Europe erakundeko kide eta kontzientziazio kanpainaren arduradunak.

Gobernuz kanpoko erakunde horrek eta Break Free From Plasticek manifestu bat landu dute hilerokoarentzako produktu seguruak, bidezkoak eta zirkularrak eskuratzeko eskubidea aldarrikatzeko, eta urrian aurkeztuko diote Europako Batzordeari.

Manifestu horretan, Europako Batzordeari eta estatu kideei eskatzen zaie berma dezatela hilerokoarentzako produktuak doan eskuratzea ordaindu ezin duten emakumeek.

Gaur egun, konpresa eta tanpoiei aplikatzen zaien BEZ tasa % 10ekoa da.

Gainera, dokumentuak azaltzen duenez, EBko merkatuan saltzen diren hileroko produktu gehienak erabilera bakarreko artikuluak dira, eta horrek inpaktu larriak eragiten ditu ingurumenean, ekonomian, osasunean eta gizartean, ekoizten direnetik deuseztatzen diren arte. Hori dela eta, produktu berrerabilgarriak sustatu nahi dituzte, pertsona bakoitzak urtean 18 eta 119 euro artean aurreztea ekar dezaketenak.

Aurrezteaz gain, erabilera bakarreko hilerokoarentzako produktu horiek % 90ean plastikoz eginda daudela eta itsas ingurunea kutsatzen duten elementu nagusietako bat direla salatu dute manifestuaren bultzatzaileek.

Gainera, produktu horiek "substantzia kimiko arriskutsuak" dituztela ohartarazi dute, eta ekoizleek substantzia toxikoak ezabatzeko eta dituzten osagaien zerrenda zabaltzeko betebeharra izatea eskatu dute.

Europako Parlamentuak eta EBko Kontseiluak 2019an erabilera bakarreko plastikoak ahalik eta gutxien erabiltzeko aurkeztu zuten zuzentaraua "urrunago" eraman nahi du manifestu horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Feminismoa Ingurumena