Mundua -

HAUTESKUNDEAK ALEMANIAN

Merkelen CDU alderdiak aise irabazi ditu Saxonia-Anhalteko hauteskundeak

Batasun Kristau-Demokratak 16 puntuko aldea atera dio bigarren postuan gelditu den ultraeskuinari. Irailaren 26ko hauteskunde orokorren aurretik egin diren azken bozak izan dira.

CDUko hautagaia Saxonia-Anhalteko hauteskundeetan. Argazkia: EFE
CDUko hautagaia Saxonia-Anhalteko hauteskundeetan
CDUko hautagaia Saxonia-Anhalteko hauteskundeetan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemanian, Angela Merkel kantzillerraren Batasun Kristau-Demokratak aise irabazi ditu igande honetan Saxonia-Anhalt estatu federatuan egin diren hauteskundeak. Guztira botoen % 37,1 eskuratu ditu, bigarren postuan gelditu den ultraeskuinari 16,1 puntuko aldea aterata. Inkestek berdinketa teknikoa edota sorpassoa iragartzen zuten.

Gaur zabaldutako behin-behineko datuen arabera, Angela Merkelen alderdi kontserbadoreak azken 19 urteotako emaitzarik onenak lortu ditu Saxonia-Anhalten. Aurreko hauteskundeekin alderatuta, % 7,3ko igoera izan du.

AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarra bigarrena izan da, botoen % 20,8 (2016ko bozetan baino % 3,8 gutxiago) eskuratuta.

Hirugarren postuan ageri den ezkerrak botoen % 11 bereganatu ditu; beraz, % 5,3 egin du behera.

Sozialdemokratek hondoa jo dute Saxonia-Anhalten, inoizko emaitzarik txarrenak erdietsi baitituzte: botoen % 8 lortu dituzte.

FDP Alderdi Liberala eskualdeko parlamentura itzuli da, botoen % 6,4 eskuratuta.

Parlamentuan ordezkaritza lortu duen seigarren eta azken alderdia Berdeak izan da (% 5,9).

CDUk 40 eserleku lortu ditu Parlamentuan, AfDk 23, ezkerrak 12, SPDk 9, FDPk 7 eta Berdeek 6. Gehiengoa 49 eserlekutan dago, eta, ondorioz, CDUk gobernua osatzeko aukera ugari izango ditu.

Irailaren 26ko hauteskunde orokorren aurreko azken hitzordua zen atzokoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Alemania albisteak Angela Merkel albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Hauteskundeak Alemania Hauteskundeak Ultraeskuineko alderdi politikoak