Mundua -

Srebrenica

Hagako auzitegiak berretsi egin du Mladicen biziarteko kartzela genozidioagatik

Europar Batasunak txalotu egin du ebazpena, "Europaren gertuko historian giltzarri izan den epaiketari amaiera" ematen diolako.

Ratko Mladic buruzagi militar serbiar-bosniar ohia, auzitegian. Argazkia: Efe
Ratko Mladic buruzagi militar serbiar-bosniar ohia, auzitegian. Argazkia: Efe
Ratko Mladic buruzagi militar serbiar-bosniar ohia, auzitegian. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hagako (Herbehereak) Nazioarteko Zigor Auzitegien Hondakinen Mekanismoak berretsi egin du Ratko Mladic Bosniako buruzagi militar serbiar ohiaren aurkako biziarteko espetxe-zigorra Srebrenicako genozidioagatik eta beste gerra-krimen eta gizateriaren aurkako krimen batzuengatik.

Ebazpenak atzera bota ditu defentsaren alegazio guztiak; izan ere, Mladicen absoluzioa, zigorra murriztea edo epaiketa berriro egitea eskatzen zuen.

"Balkanetako harakina" ezizenarekin ezagutzen duten buruzagi militar ohia aretoan izan da ebazpena irakurri dutenean, saioa hasi denetik aritu da ezezko keinuak egiten, eta burua makurtu du epai irmoa entzuteko altxatu denean.

Defentsaren arabera, zigorrean agertzen ziren Bosniako gerrako hainbat gertakari (bonbardaketak eta frankotiratzaileen erasoak, besteak beste) ezin dira lotu Mladicek buruzagi militar gisa zuen ardurarekin.

Hala eta guztiz ere, ebazpenean ondorioztatu dute Mladicen abokatuek ezin izan dutela "akatsik" atzeman 2017ko epaian, Prisca Matimba Nyambe epaileak ebazpenaren irakurketan adierazi duenez.

Epaileek atzera bota dute, dena den, Fiskaltzak beste genozidio bat gehitzeko egindako eskaera. 1992 eta 1995 artean Bosniako bost herritan serbiarrak ez zirenak kanporatzeko egindako eraso militarrekin lotuta egin du eskaera.

Ebazpena irakurri aurretik, jendea elkartu da auzitegiaren atarian, eta tentsio uneak izan dira gizon batek Mladicen aldeko kartelak zabaldu nahi izan dituelako biktimen ordezkarien aurrean.

Mladic 2011tik dago atxilotuta Nazio Batuen Erakundeak Hagan duen zentro berezian, eta ikusteko dago non beteko duen zigorra.

Erreakzioak

Europar Batasunak txalotu egin du ebazpena, "Europaren gertuko historian giltzarri izan den epaiketari amaiera" ematen diolako.

Sefik Dzaferovic Bosniako ordezkari musulmanak Sarajevon esan duenez, "mundu zibilizatuak gerra-kriminal bat bezala soilik gogoratuko du".

"Mladic da genozidioaren egile nagusietako bat, eta merezitako zigorra jaso du", esan du Bisera Turkovic Atzerri ministro bosniarrak, "bake eta egonkortasun iraunkorra eraikitzeko egia eta justizia" behar direla gaineratu aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak