Mundua -
Interneten eskegitako bideoa
AEBek talibanei pixa egin zieten marineak identifikatu dituzte
Bideoan soldaduak talibanen gorpuei pixa egiten agertzen dira. AEBek gertaera gaitzetsi dute.
Erredakzioa
AEBetako Marineek talibanen gorpuei ustez pixa egin zieten soldaduak identifikatu dituzte, Marineen ofizial batek Reuters albiste agentziari jakinarazi dionez. Irudietan marine estatubatuarrak ageri dira ustezko talibanen gorpuen gainean pixa egiten.
Soldadu batek beste lau kide grabatu ditu odoleztatutako gorpuen gainean pixa egiten, algara eta berriketa artean. Marine batek gainera "egun ona izan dezazula, laguna", esaten du.
Leon Panneta AEBetako Defentsa idazkariak Hamid Karzai Afganistango presidenteari deitu dio bere gaitzespena adierazteko. "Deitoragarritzat" eta "onartezintzat" jo du bideoan agertzen diren soldaduen jokabidea.
Bestalde, Karzaik "ankertzat" jo du jokabidea. Afganistango presidenteak bideoa premiaz ikertzeko eta arduradunei "zigorrik gogorrena" ezartzeko eskatu dio AEBetako Gobernuari.
Irudiak Youtuben zabaldu dira eta Sarean sortu duten zalaparta dela eta, Pentagonoak eta Marineen arduradunek ikerketa hasi behar izan dute.
Bideoak 39 segundo irauten du, eta ez dago argi nork eskegi duen Interneten, ezta noiz grabatu zuten ere.