Mundua -
SUBIRANOTASUNA
Kanadako Konstituzioaren aldebakarreko aldaketa proposatu du Quebecek
Quebeceko Gobernuak lege-proiektu bat aurkeztu du frantsesari pisu legal handiagoa emateko eta "nazio" terminoa sartzeko. Trudeauren Gobernuak argi berdea eman diezaioke.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Kanadako Konstituzioaren aldebakarreko aldaketa proposatu du Quebeceko Gobernuak eta badirudi Justin Trudeauren Gobernuk ez duela aurka egingo.
Eztabaida François Legault 2018tik Quebeceko lehen ministro denaren eskutik dator. Ostegun honetan Konstituzioa aldatzea proposatzen duen lege-proiektua aurkeztu zuen Quebeceko Gobernuak, frantsesa dela hizkuntza ofiziala eta quebectarrek "nazioa" osatzen dutela jasoz.
Berrikutza ez dator horrenbeste kontzeptu horietatik, kontzeptuak eurak Kanadako Konstituzioan jasotzetik baizik. Izan ere, klausula baten bidez Konstituzioa aldebakarrez aldatzea ahalbidetzea planteatzen baita, Kanada osoaren edo erakunde zentralen oniritzia behar izan gabe. Parlamentuak 2006an onartu zuen quebectarrek nazio bat osatzen dutela - "Kanada batu baten barruan", zioen testuak-, baina ikuspuntu juridikotik berritasuna litzateke aldebakarreko aldaketa egin ahal izatea Konstituzioan.
Duela lau urte Trudeauk Konstituzioa berriz irekitzea baztertu zuen Philippe Couillard lehen ministro quebectarraren saiakera baten aurrean, baina badirudi lehen ministroaren jarrera beste bat dela orain.
Kanadako Gobernuak buruzagi "nazionalista" du orain aurrean, ez "independentista", eta horrek Trudeauren keinua justifikatzen du nazioarteko analista batzuen iritziz. Gainera, erreforma horrekin "Quebecek Konstituzioa onartzea lortu izanaren domina" jar dezake Kanadako lehen ministroak, Ignacio Molina Elcano Errege Institutuko ikertzaileak esan duenez.
Hausnarketa horrekin bat dator Daniel Beland McGill Kanadako Ikerketarako Institutuko zuzendaria ere. CBC telebista kateari egindako adierazpenetan, esparru soberanistak Konstituzioa "zilegia ez" dela eta "inklusiboa ez" dela esatea nola argudiatuko duen galdetu du, "de fakto" hari "tiraka" ari direnean "agenda politikoa" sartzeko.
Independentziarik gabeko subiranotasuna
Legaulten alderdiak Quebeceko Alderdi independentistaren eta Quebeceko Alderdi Liberal federalistaren arteko ohiko oreka hautsi zuen, baina, maila federalean, Bloke Quebectarrak (independentistak) zeresan handia du. 32 diputatu ditu Komunen Ganberan eta, behar izanez gero, balantza Trudeauren alde jar dezake.
Quebeceko egungo Gobernuak dio ez duela independentzia nahi, autogobernu gehiago baizik. Ildo horretan, Elcano Errege Institutuko ikerlariaren ustez, "oso aukera gutxi" dago 1995eko kontsulta independentista berriz egiteko -% 50,5ek ezetz esan zuten-, nahiz eta azken galdeketek nahiko agertoki parekatua erakusten duten eta Quebeceko Parlamentuaren gehiengoa gutxienez "autonomistatzat" jo daitekeen.