Mundua -

Iruzkina

Politika

Futbola eta homosexualitatea nekez elkartu, eta gutxiago uztartu diren munduak dira. Gizonezkoen futbolean oraindik gutxi dira euren sexu joera aitortzen ausartu direnak.

Juanjo San Miguel

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kirola eta politika ez omen dira nahastu behar. Hori aldarrikatzen dutenek, kirolaren balioak azpimarratzen dituzte: jokatzeko era garbia, arerioarekiko errespetua, galtzea onartzeko kemena, iruzurra eta azpijokoaren aurkako jarrera… Ziur aski kirol askotan eta kirolari askorengan horiek dira iparrorratza eta xedea, baina ez dirudi, gaur egungo kirol profesionalaren ezaugarri nagusiak horiek direnik. Bestetik, politikoek inongo eztabaidarik gabe maxima hori onartzeak, euren jarduera gutxiesteaz gain, beraiek ere iruzurgile eta konfiantza merezi ez dutenen multzoan sartzen ditu zuzenean.

Politika eta kirola gizakia bezain zaharrak dira, gerra galarazteko asmatutako borrokatzeko erak direlako. Baina ez da bata bestea baino hobea, bietan pertsonon onena eta txarrena azaleratzen delako behin eta berriz, gure izaeraren alde guztiak agerian utziaz. Egun hauetan jokatzen ari den Europako Futbol Txapelketan, Munich hirian, Alemaniak eta Hungariak jokatu beharreko partidan, alkateak ortzadarraren koloreez argitu nahi izan zuen zelaia, baina UEFAk, Europako futbol erakunde gorenak ez zuen onartu, eta debekua azaltzeko adierazi zuen erlijioan eta politikan neutraltasuna dela bere ardatz nagusia. Municheko alkateak eta Alemaniako taldeak, Hungariako parlamentuak onartu berria duen legea salatu eta gaitzetsi nahi zuten, homosexualitatearen aipatze hutsa debekatu duelako eta homofobiaren adierazle ukaezina delako.

Futbola eta homosexualitatea nekez elkartu, eta gutxiago uztartu diren munduak dira. Orain dela gutxira arte, futbolari bati bota zekiokeen irain handiena "marikoi" deitzea zen, eta ez da hainbeste denbora, futbol zelaian elkartutako 25.000 ikusleak jokalari bati marikoi deitzea guztiek batera baloia ukitzen zuen bakoitzean, ohikoa zela. Denbora gutxian gauza asko aldatu dira, batzuk zorionez, baina beste batzuek okerrera egin dute. Gizonezkoen futbolean oraindik gutxi dira euren sexu joera aitortzen ausartu direnak, hori egin dutenei gertatutakoa ikusita. Baina egia da azken urteetan gero eta gehiago direla pauso hori eman dutenak eta oro har aparteko eragozpenik gabe onartzen direla aitortza horiek esan genezake. 

Europako Futbol Txapelketan ez dira kirola eta politika nahastu, politika alor publikoaren kudeaketa baita. Hemen UEFA erakundeak ezbaian jarri ditu oinarrizko eskubideak, politikaren aurretik daudenak, politikara edo kirolera iritsi aurretik guztioi zor zaizkigunak.   

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europako hauteskundeak analisiak Munduko analista Prentsa digitalaren azken orduko Homofobia Gaurko azken ordukoa Euskadi Irratia UEFA Europa Liga Eurokopa 2024