Mundua -
Sistema berria
New Yorkeko Poliziak infragorriak erabiliko ditu armak antzemateko
Poliziaren furgoneten aurrealdean jarriko dituzte armak detektatzeko gailuak, sistema horrek agenteek jendea arakatzea saihestuko duela argudiatu dute.
Erredakzioa
New Yorkeko Poliziak kalean doan pertsona batek arma bat daraman hala ez frogatzeko sistema berria jarriko du martxan, izpi infragorriak erabiliko dituzte armak antzemateko, adierazi du Raymond Kelly Poliziaren buruak.
New Yorkeko Poliziaren buruak azaldu duenez, gailu berri hori furgoneten aurrealdean jarrita egongo da eta agenteek ustezko gaizkileak arakatzea sahiestuko du.
"Oraindik arma gehiegi dago gure kaleetan eta tiro gehiegi", erantsi du Kellyk New Yorkeko Poliziaren Fundazioak antolatutako ekimen batean.
Defentsa Departamentuak azken hiru urteetan diseinatutako gailuak, oraingoz, metro bateko distantzian bakarrik dira eraginkorrak, baina Kellyk adierazi duenez, etorkizun batean 25 metroko distantzian ere detektatzeko gai izango dira.
Dipositibo berriaren inguruko nondik norakoak ezagutu eta berehala kezka sortu da hainbaten artean. New Yorkeko Askatasun Zibileko Elkarteak ohar bat kaleratu du proposamenaren inguruko "intriga" eta "egonezina" azalduz.
Poliziak bere planak aurrera eramaten baditu, publikoak informazio gehiago behar du. Nola funtzionatzen duen jakin behar du eta baita sor ditzakeen kalteak zeintzuk diren ere", adierazi dute elkarteko ordezkariek.
Elkartea hiriko kaleetan indarkeriarekin amaitzeko konponbideen aldekoa dela adierazi dute, eta Poliziak emandako azalpenen gisa funtzionatzen badu, jendeari egiten zaizkion arakatzeak gutxituko direla adierazi dute. Baina kalean lasai paseatzea ere eskubide bat dela azpimarratu dute inolako "arakatze birtualik" jasan behar izan gabe.