Mundua -
Erasoa
Gizon batek 3 pertsona hil eta 5 zauritu ditu labanaz egindako eraso batean Alemanian
Poliziaren arabera, jada ez dago herritarrentzako arriskurik, ezta ustezko erasotzaileak konplizeak zituelako zantzurik ere.
EITB MEDIA
Hainbat pertsona hil eta beste batzuk zauritu dira Wüzburgon, Bavariako iparraldean, gizon batek labanaz egindako erasoan, Alemaniako Poliziako iturriek jakitera eman dutenez.
Bild egunkariaren arabera, hiru dira hildakoak eta bost zaurituak. Agenteen arabera eraso egin duen gizona derrigorrezko tratamendu psikiatriko bat jarraitzen ari zen.
Pertsona bat atxilotu dute gertakarien ustezko egile gisa, eta poliziaren arabera, jada ez dago inolako arriskurik herritarrentzat, ezta erasoaren ustezko egileak konplizeak zituelako zantzurik ere.
Sare sozialetako testigantzen arabera, herritar batzuek aurre egin diote erasotzaileari, polizia heldu aurretik jende gehiago sastatzea eragozteko.
Azkenean, agenteek hanka batean tiro egin diote gizonari, eta atxilotu egin dute.
Poliziak ostiraleko 17:00ak aldera jaso du abisua, eta, orain arte jakitera eman dutenez, gizona arrazoi jakinik gabe erasotzen hasi da.
Poliziak gertatutakoaren argazkirik ez partekatzeko eta biktimen eremu pribatua errespetatzeko eskatu du Twitter sare sozialeko kontuan.