Mundua -
Hauteskunde kanpaina Frantzian
Frantziako bankuak erregulatzea bultzatuko du Hollandek
Batasuneko buruzagiei Europako kalifikazio agentzia bat eratzea proposatuko diela esan du hautagai sozialistak, eta erretiroa hartzeko adina 60 urtera jaitsiko duela agindu du.
Erredakzioa
François Hollande Frantziako presidentetzarako hautagai sozialistak bere etsai nagusia "finantza mundua" dela esan du 25.000 jarraitzaileren aurrean egin duen agerraldian, Parisen.
"Aurretik dudan borrokan, nire etsai nagusiak ez du ez izenik, ez aurpegirik, ez alderdirik. Ez dute inoiz hautatu, baina bere arauek dena markatzen dute. Nire etsaia finantza mundua da", adierazi du.
Hollandek hauteskundeak irabaziko balitu, finantzak erregulatuko lituzkeela esan du, orain arte ez G-20ko buruzagiek, ezta Sarkozyk ere bete ez duten hitza.
Europar Batasuneko buruzagiei Europako kalifikazio agentzia bat eratzeko beharraz hitz egingo diela ere esan du, horrela “AEBetako agentziei aurre egiteko euroaren krisiaren testuinguruan”.
Aurretik egindako beste proposamen batzuk gogoratu ditu Hollandek, hola nola, bankuen gordailatze jarduerak eta inbertsioarenak banatzea, inbertsiorako banku publiko bat sortzea eta Frantzian dauden enpresei laguntzak ematea.
Boto asmoaren inguruko inkesta batek lehengo astean argitaratu zuenez, Hollandek irabaziko lituzke presidentzialak lehen itzulian bozen %27 eskuratuta. Sarkozy bigarren geldituko litzateke, bozen % 23rekin eta hirugarren Le Pen, bozen % 21ekin.
Hauteskundeetarako lehen itzulia apirilaren 22an izango da eta ostegun honetan egingo duen agerraldian, Hollandek neurri zehatzagoak iragarriko dituela esan du.
Maiatzaren 6an presidente aukeratuz gero, lehenengo eta behin Berlinera joango dela esan du Hollandek, Angela Merkelekin Europako politikaren norabidea aldatzeaz hitz egiteko, "helburu zorroztasun hutsa duen politika, hazkundea bultzatzeko politika bihurtzeko".
Horrez gain, presidentearen soldata % 30 gutxituko duela esan du, erretiroa hartzeko adina 60 urtera jaitsiko duela, industria ezartzeko banku bat eratuko duela eta diru-sarrera gehien dituztenek zerga gehiago ordaintzea defendatuko duela.