Mundua -
Agerraldia Parlamentuan
Obama hauteskunde-kanpainan sartu da, ezkerrera biratuta
AEBetako presidenteak justizia ekonomikoaren eta aberatsei zergak igotzearen alde egin du.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak justizia ekonomikoaren alde egin du Batasunaren egoerari buruzko Eztabaidan, herrialde hoerretako bi Ganberen aurrean ordu eta erdiz eskainitako hitzaldian.
Agerraldian, Obamak seguru aski azaroko hauteskundeei begira izango duen hauteskunde programa aurkeztu du. Argi geratu da klase ertainen aldeko apostua egingo duela, errepublikanoei lehia irabazteko.
Hori horrela, presidenteak ohartarazi du herrialdearen balioak (denentzako aukerak eta berdintasuna) arriskuan daudela, eta premiazko neurriak hartu behar direla hori galarazteko.
"Goikoei zein behekoei arau berdinak ezartzeko unea heldu da. Erreskatarik ez, oparirik ez, ihesaldirik ez... Norberak bere erantzukizunak onar ditzala", nabarmendu du, gehienbat kutsu ekonomikoa izan duen agerraldian.
Horren ildotik, "ekonomia iraunkorra eraikitzeko" plan bat aurkeztu du Obamak. AEBetan manufakturaren berrikuntza eta enpleguaren sorrera bultzatzea proposatu du, energia garbien sektorearen hazkuntza indartzea eta hezkuntza sustatzea.
Baina estatubatuar guztiek arau berdinen gainean jokatu eta aukera berdinak izan behar dituztela iritzi dio, horregatik milioi bat dolar baino gehiagoko diru-sarrerak dituzten herritarrek irabazien % 30 zergetan ordain dezatela proposatu du.
Halaber, energia garbien aldeko esfortzua eskatu du eta teknologia horien garapenerako neurriak proposatu ditu hiru milioi etxe hornitzeko.
Kanpo politika
Kanpo politikako sailean, presidenteak bere arrakasta garrantzitsuenetakoarekin hasi du hitzaldia, Osama Bin Laden Al Kaidako liderraren heriotzarekin, alegia. Eta Afganistango gerra hiru urteren buruan amaituko dela iragarri du.
Irani buruz, berriz, "mahaitik kanpo" ez dagoela "aukerarik" esan du, baina konponbide baketsua oraindik "posible" dela erantsi du. Iranen programa nuklearra dela eta tentsio handia da nagusi bi herrialdeen artean.
Obamak ez du latinoamerikaren inguruko aipamenik egin bere hitzaldian. Halaber, Unibertsitatean edota Armadan sartzen diren paperik gabeko gazte etorkinak legeztatzearen alde agertu da.
Giffordsi besarkada
Gaueko unerik hunkigarriena, hala ere, hitzaldia baino apur bat lehenago jazo da: demokraten eta errepublikanoen txalo zaparradaren artean Obamak Gabby Giffords, iaz tiro bat jaso ondoren larri zauritu zen kongresista besarkatu du.
Presidenteak asteazken honetan herrialdeko bost estatutarako bidaia hasteko asmoa du, Iowa, Arizona, Nevada, Colorado eta Michigan, hauteskunde mapan giltza diren estatuak bisitatuko ditu. Bertan aurkeztutako proposamenak sustatzen hasiko da.