Publizitatea
Itxi

2021/07/16

22:59

Mundua

Hegoafrika

"Matxinada-ahaleginak kale egin du", dio Hegoafrikako presidenteak

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Azken asteko istiluen eta arpilatze masiboen boladaren ondorioz, 212 hildako eta 2524 atxilotu izan dira. Cyril Ramaphosaren esanetan, "hegoafrikarrak demokraziaren alde egiteko altxatu direlako" ez du arrakastarik izan.

  • Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidentea

    Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidentea. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidentearen esanetan, azken asteko istiluen eta arpilatze masiboen bolada "matxinada-ahalegina" izan da, eta "kale egin du, hegoafrikarrak demokraziaren alde egiteko altxatu direlako". Guztira, 212 hildako eta 2524 atxilotu izan dira, protestetan.

"Matxinada-ahalegin honek ez du herritarren babesa eskuratu. Gainera, gure segurtasun-indarrek ahalegin handia egin dute; eta, horrez gain, hegoafrikarrak altxatu egin dira, nekez lortu genuen demokraziaren alde egiteko", esan du agintariak, nazioari zuzendutako mezu batean.

Estatuburuaren iritziz, "orain argi dago: gertaturikoa gure demokraziaren aurkako eraso prestatu, koordinatu eta ongi antolatua izan da".

"Erreklamazio politiko bat aitzakia gisa erabiliz, ekintza hauen atzean daudenak herri-matxinada bat pizten saiatu dira. Hegoafrikarren baldintza ekonomiko eta sozialak baliatuz, eta kontuan izanik baldintza horiek okerrera egin dutela koronabirusaren pandemiagatik, euren asmoa izan da herritarrak eta sare kriminalak zirikatzea, arpilatze-ekintza oportunistetan parte har dezaten", adierazi du.

"Ondorioz izandako kaosa baliatuz, sabotaje ekonomikoa gauzatu dute", ziurtatu du presidenteak.

"Ez geunden prest"

Testuinguru horretan, presidenteak onartu du Estatua ez zegoela prest "maila honetako kanpaina bati aurre egiteko: indarkeria publikoko, suntsipeneko eta sabotajeko kanpaina bati aurre egiteko, alegia".

Istiluak uztailaren 9an hasi ziren; hasiera batean, protestak izan ziren, Jacob Zuma presidente ohia (2009-2018) kartzelan sartu zutelako. Zuma men ez egiteagatik espetxeratu dute, hainbat aldiz uko egin diolako ustelkeriagatik deklaratzeari.

Ondorengo egunetan, istiluak beste toki batzuetara ere iritsi ziren; bereziki, Johannesburgen izan ziren gogorrak. Handik gutxira, istilu handiak eta arpilatze masiboak hasi ziren: merkataritza-guneak eta dendak suntsitu dituzte, eraikinak eta ibilgailuak erre, eta errepideak eta kaleak itxi.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;