Mundua -
Hondamendi naturala
Uholdeek 180 hildako utzi dituzte dagoeneko Alemanian eta Belgikan
Alemaniak beste 45 hildako baieztatu ditu azken orduetan, Ipar Renania-Westfalia estatu federatuan, herrialdearen mendebaldean.
EiTB Media | Agentziak
Gutxienez 180 pertsona hil dira dagoeneko aste honetako uholdeetan; izan ere, Alemanian hildakoak 155 dira jada, azken balantzearen arabera, eta 27 zenbatu dituzte orain arte Belgikan.
Alemaniak beste 45 hildako baieztatu ditu azken orduetan, Ipar Renania-Westfalia estatu federatuan, herrialdearen mendebaldean. Gainera, Ahrweiler inguruan igande honetan hildako gehiago topatzeko aukera handiak daudela iragarri du Poliziak. Ahrweiler hondamendiaren epizentroa izan da Renania-Palatinatuan.
Azken orduetan Bavaria Garaia hondamendi eremu izendatu dute. Bi pertsona hil dira bertan. Hala ere, oraingoz ez dute argitu bi heriotza horiek uholdeekin zerikusirik duten.
Schuld (Renania-Palatinatua) udalerria igande honetan bisitatu du Angela Merkel kantzilerrak, eta prentsaurrekoa eman du Malu Dreyer estatu federatuko ministro nagusiarekin batera.
Bisita horretan, herritarrei beharrezko laguntza guztia emango diela iragarri du Merkelek. "Zuekin gaude, Estatua zein Gobernua", adierazi du prentsaurrekoan.
"Azkar ibili behar dugu, azkarragoak izan behar gara krisi klimatikoaren aurkako borrokan", adierazi du Alemaniako kantzilerrak, hunkituta, eta ikusitako egoera sinestezina dela esan du, hondamendiaren zenbait puntu kritiko bisitatu ostean.
"Alemanak ia ez du hitzik hemen gertatu den suntsipena deskribatzeko", azaldu du, eta aurreko egoerara itzultzeko denbora asko igaro beharko dela onartu du.
Bestalde, 670 pertsona zauritu dira, gehienak Ahr haranean, Poliziaren arabera. Errepideak blokeaturik jarraitzen dute, eta zubiak suntsituta.
27 hildako eta 103 desagertu Belgikan
Belgikak hildakoen balantzea ez du oraingoz eguneratu, eta 27 dira, baina 103 pertsona desagerturik daude oraindik. Desagertuak bizirik aurkitzeko itxaropena gero eta txikiagoa da orduak joan ahala.
Valoniako eskualdean, herrialdearen hegoaldean, 41.000 etxebizitza argindarrik gabe daude. Bertako buruzagiek larrialdietarako funtsak bideratuko dituzte biztanleei laguntzeko.
"Argindar hornidura sarearen egoera zaila da", agintarien hitzetan. Gainera, mugikortasuna oso mugatua da, tren eta autobus zerbitzuak bertan behera geratu direlako.