Mundua -

argentina

Argentinak sexu ez binarioetako pertsonentzako aukera jaso du NANean

Latinoamerikan urrats hori eman duen lehen herrialdea da, baina, agintarien arabera, "bidea ez da amaitu". X aukerak sexu bitarrekin identifikatzen ez diren pertsona guztiak hartzen ditu barne.

Ekimenaren aurkezpen ekitaldia, Buenos Airesen. Argazkia: EFE
Ekimenaren aurkezpen ekitaldia, Buenos Airesen.
Argentinak aukera ematen die ez bitarrei euren NANean X batekin identifikatzeko

1:13

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argentinan, "bitarrak ez diren" pertsonek, hau da beren burua sexu femeninoarekin edo maskulinoarekin identifikatzen ez direnek, aukera izango dute, asteazken honetatik aurrera Nortasun Agiri Nazionalean nahiz pasaportean "X" aukerarekin identifikatzeko. Hala, eskubide hori emango duen Latinoamerikako lehen herrialdea da; munduan Kanadak, Australiak eta Zelanda Berriak baino ez dute aukera hori ematen.

"Pixkanaka goaz, ezinezko zirudiena posible egiten, eta egunetik egunera gertuago gaude idealetik, hau da, inori bestearen sexua inportako ez zaion eguna, are gutxiago Estatuari", esan du Alberto Fernandez presidenteak, Buenos Airesen egindako ekitaldian. Ekitaldi horretan, gainera, arau berrira egokitutako lehen hiru NAN dokumentuak eman zaizkie hiru pertsonei.

Gobernuak asteazkenean argitaratu duen dekretu baten arabera, nortasun ez bitarrak dituzten pertsonek NAN bat eta pasaportea eskura ditzakete, nork bere genero-identitatea errespetatuz. Eskubide hori eskuratu ahal izango dute, kasuan kasuko bulego publikoetara joanda, NAN aldaketa tramitatu nahi duten Argentinako nazionalitatea duten pertsonek, bai eta herrialdean bizi eta Argentinako agiria duten atzerritarrek ere.

"Ez gara X bat"

Era horretan, sexuaren eremuan ez dira "M" edo "F" aukerak soilik egongo, baizik eta "X" aukera ere izango dute. Hain zuzen ere, ekitaldian zegoen pertsona batek protesta egin zuen, "ez gara X bat" oihukatuz.

Kexari erantzunez, agintariak aitortu du "noski" badaudela "beste modu batzuk" bitarrak ez diren pertsonak izendatzeko, baina guztiak "X" horren barruan daudela azaldu du, hori baita Argentinak dituen nazioarteko hitzarmenetan onartutako nomenklatura.

"Eta aurrerapauso bat da, hori ukaezina da", nabarmendu zuen Alberto Fernandezek.

"Pauso bat da, eta espero dut noizbait iristea eguna NANean inori galdetuko ez zaiona emakumea den, gizonezkoa ala dena delako. Zeren horixe da, hain zuzen ere, lortu nahi duguna", azpimarratu zuen.

Elizabeth Gomez Alcorta Emakume, Genero eta Aniztasun ministroak azpimarratu duenez, "eskubideak zabaltzea eta aitortzea" egungo ofizialismoaren nortasunaren parte da, "proiektu politiko gisa", eta asteazkenean iragarritako neurria "ez da bidearen amaiera", izan ere, "patriarkatuak eta praktika diskriminatzaileek indarrean jarraitzen dute" eta "asko dago egiteko".

"Emakume, lesbiana, trabesti, trans, gay, intersex eta bitarrak ez diren pertsonentzat eskubide osoa duen gizarte bat gizarte hobea da guztiontzat, eta, batez ere, gizarte demokratikoagoa, inklusiboagoa, justuagoa eta berdintasunezkoagoa da", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Argentina Feminismoa