Mundua -
Tunisia
Tunisiako presidenteak lehen ministroa kargutik kendu, eta Parlamentua bertan behera utzi du
30 egunez, bere gain hartuko du Gobernuaren gidaritza, berak aukeratutako lehen ministro berri baten laguntzarekin. Oposizioak kritikatu egin du erabakia eta “estatu kolpea” salatu du.
Agentziak | EITB Media
Kais Said Tunisiako presidenteak Hichem Mechichi lehen ministroa kargutik kendu, eta Parlamentua 30 egunez bertan behera uztea iragarri zuen atzo, igandean. Horrez gainera, diputatu guztien immunitatea kentzea agindu du, "bake soziala berreskuratzeko, eta Estatua eta gizartea salbatzeko".
"Konstituzioak ez dit Parlamentua desegiteko aukerarik ematen, baina ez dit bertan behera uztea eragozten", esan zuen agintariak Armadako eta segurtasun indarretako goi-kargudunekin egindako premiazko bileraren ostean.
Saidek azaldu duenez, berak zuzenean izendatutako lehen ministro berri baten laguntzarekin gidatuko du Gobernua trantsizio garaian. Horretarako, Konstituzioaren 80. artikulua erabiliko duela adierazi du; hau da, "berehalako arriskua" izanez gero, presidenteak "ezohiko" neurriak har ditzake, Gobernuko buruarekin eta Parlamentuko presidentearekin kontsulta egin ondoren.
Agintariaren arabera, helburua da botere publikoaren funtzionamendua normalizatzea "ahalik eta lasterren", eta Konstituzio Auzitegiak, berriz, prozesu hori gainbegiratu eta horren hedapenari buruzko erabakia hartu beharko du. Hala ere, auzitegi hori 2015etik dago osatzeke.
Oposizioak erabakia kritikatu, eta "estatu kolpea" dela salatu du
Ennahda alderdiak, Parlamentuko indar nagusiak, agintariaren erabakia "estatu kolpea" izan dela salatu du, eta "iraultza salbatzeko" manifestazioa egiteko eskatu zien atzo herritarrei. "Tunisiako demokraziaren eta bere konstituzioaren aurkako kolpea da. Tunisia da Udaberri Arabiarraren lekuko arrakastatsu bakarra, eta historia hau ez da hemen amaituko", adierazi zuen igandean ohar batean.
Hala ere, Ennahda alderdiaren hainbat egoitzari eraso eta su eman zieten igandean, estatu osoan osasun-krisiaren kudeaketa eta bizi-baldintzen narriadura kritikatzeko Gobernuaren dimisioa eta Parlamentua desegitea eskatzeko egin ziren manifestazioetan.
Tunisiak 2011n hasi zuen bere trantsizio demokratikoa, "Jazminen iraultza" izenekoarekin, Zine El Abidine Ben Aliren diktaduraren bi hamarkadei amaiera eman ziena. Ordutik, krisi ekonomiko eta soziala are gehiago okertu duten hamar gobernu izan dira bertan.