Mundua -
Hauteskunde primarioak
Romneyk garaipen zabala lortu du Floridan
Massachusettseko gobernadore ohiak boto-emaileen % 46,4ren babesa jaso du errepublikanoek indar handia duten estatuan.
Erredakzioa
Mitt Romney Massachusettseko gobernadore ohiak garaipena lortu du Alderdi Errepublikanoak Floridan egin dituen hauteskunde primarioetan botoen % 46,4 jasota, botoen % 98 zenbatuta.
Romney Newt Gingirch Ordezkarien Ganberako presidente ohiari (% 31,9), Rick Santorum Pensilvaniako senatariari (% 13,4) eta Ron Paul Texasko kongresistari (% 7) gailendu zaie.
Hori horrela, Massachusettseko gobernadore ohiak isilarazi egin ditu bere hautagaitzaren inguruan zeuden zalantzak, Gingrichek Hego Carolinan primarioak irabazi ondoren.
Romneyk "garaipen handi"tzat jo du Floridan lortutakoa. Gainera, prozesua defendatu du, izan ere, "primario lehiakorrek ez gaituzte zatitzen, prestatu egiten gaituzte eta irabazi egingo dugu".
"Nire lidergoak amaiera emango dio Obamaren aroari eta oparotasun garai berri bat hasiko da. Hemendik zazpi hilabetera hemen, gure konbentzioan, biltzen garenean, gure alderdia elkartuta egongo da eta AEBentzat garaipen txartela ekarriko du", azpimarratu du Romneyk.
Romneyrengandik 15 puntu atzera geratu bada ere, Gingrichek esan du "estatu guztietan" lehiatuko dela. "Irabazi egingo dugu eta abuztuan gu aukeratuko gaituzte", adierazi du.
Florida
Romneyk Floridan lortutako garaipena orain arte eskuratu duen argiena izan da. Iowan lortu zuen aldea gezurtatu egin zuten botoak berriro zenbatu zituztenean, eta Santorumi eman zioten garaipena.
Floridan aurreko hiru primarioetako estatuetan (Iowa, New Hampshire eta Hego Karolina) baino boto-emaile gehiago daude eta Romneyri 50 ordezkari emango lizkioke.
Bestalde, erregistratutako errepublikanoek soilik eman zezaketen botoa Floridan; aurrekoetan, aldiz, independenteek eta demokratek ere bai.