Mundua -
Greziako suteak
Greziako lehen ministroak barkamena eskatu du suteen aurkako borrokan "ahul" aritzeagatik
Kyriakos Mitsotakisen hitzetan, suteak itzaltzeko lanen kudeatzaileak zigortuko dituzte, aktibo dauden sute guztiak amatatu eta gero. Bitartean, Eubea uharteko bizilagunek airezko baliabideen eskasia kritikatu dute eta sugarren aurkako borrokan jarraitzen dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kyriakos Mitsotakisek, Greziako lehen ministroak, barkamena eskatu du suteak itzaltzeko lanen kudeaketan "ahultasuna" erakusteagatik, eta Eubea uharteko suteak guztiz itzali ondoren suteen kudeaketan aritutako erantzuleak zigortuko dituela ziurtatu du. Oraingoz, uharteko bizilagunek sugarren aurkako borrokan jarraitzen dute, zortzigarren egunez jarraian.
Sugarrek Eubea uhartea kiskaltzen jarraitzen dute. Suhiltzaileak eta bizilagunak duten guztia ematen ari dira sua herrietatik aldentzeko. Izan ere, Greziako Gobernuak eman duen laguntza eskasa izaten ari da. Horregatik, Kyriakos Mitsoakis lehen ministroak barkamena eskatu du eta 500 milioi euroko aurrekontu osagarria bidaliko duela iragarri du.
Gau osoan zehar, Eubeako biztanleek taldeak antolatu dituzte uhartearen iparraldeko hainbat gunetan, suteek aurrera egitea eragozteko. Baina, hala ere, hiru herrixka dituzte oraindik mehatxatuta sugarrek, eta borrokan jarraitzen dute suteen kontra.
Aireko baliabide eskasak
Aurreko astean herrialdean sortutako 500 baso-suteek 65.000 hektarea inguru erre dituzte jada, bereziki Eubean. Horrek suteen aurkako lanetan sortutako hutsuneak azaleratu ditu. Batez ere, hegazkinen eta helikopteroen eskasia izan da nabarmen Eubea uhartean.
Uharteko bizilagunek aireko baliabideen eskasia ere kritikatu dute, nahiz eta suhiltzaileek hori ukatu.