Mundua -

Suteak

Mediterraneoko suteek Aljerian utzi dituzte kalte larrienak, 69 hildako eragin baitituzte bertan

Egunotan Mediterraneoko herrialdeetan piztutako suteek kontrolik gabe jarraitzen dute Italian eta Aljerian. Grezian eta Turkian, berriz, egoerak hobera egin du, baina alerta egoeran daude oraindik, fokuak berriro pizteko mehatxua dela eta.

Suteak baso hektareak erretzen ari dira Mediterraneo ekialdean. Argazkia: EFE.
Suteak baso hektareak erretzen ari dira Mediterraneo ekialdean. Argazkia: Efe
Suteak baso hektareak erretzen ari dira Mediterraneo ekialdean. Argazkia: EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tenperatura altuek ez dute treguarik ematen, eta baso-suteek hektareak erretzen jarraitzen dute Aljerian eta Italian. Grezian eta Turkian, berriz, badirudi egoera hobetzen ari dela, tokian tokiko ekaitzei eta tenperaturaren beherakadari esker.

Afrikako herrialdean, sugarrek 69 hildako utzi dituzte dagoeneko, eta Italian, berriz, bost pertsona hil dira. Grezian, aldiz, bolada luzea daramate euririk gabe eta azken lau hamarkadetako bero-bolada txarrena izan dute. Hala ere, gaur, ostegunean, ekaitzak hasi dira, eta tenperaturek behera egin dute; ondorioz, suteak kontrolatzeko lanak errazagoak izango dira aurrerantzean.

Bestalde, azken bi asteetan 288 sute izan dira Turkiako 53 probintziatan; horietako 285 kontrolpean dituzte, tokiko agintarien arabera. Izan ere, atzo, asteazkena, beste bi piztu ziren herrialdearen hego-mendebaldean, eta, ondorioz, hiru dira kontrolatu gabe dituztenak. Sugarrek milaka hektarea baso kiskali dituzte eta zortzi pertsona hil dira. Horrez gain, iparraldean, eurite bortitzek uholdeak eragin dituzte, eta, gutxienez, bi pertsona hil dira eta bi desagertuta daude.

Aljeria eta Italia, foku aktiboenak

Aljeria hirugarren egunez jarraian ari da herrialdearen iparraldean piztutako ehun suteren aurka borrokan, batez ere Kabilia eskualdean (ipar-mendebaldea); sute horien ondorioz, 69 pertsona hil dira, 28 militar barne, eta Errepublikako presidenteak hiru dolu-egun ezarri ditu ostegun honetatik aurrera.

Babes Zibilaren arabera, 58 wilayetatik 17tan 69 sutek aktibo jarraitzen dute. Suteen jatorri "kriminala" azpimarratu dute agintariek, eta lau ustezko egile atxilotu dituztela iragarri. Ildo beretik, Aljeriako Baso Agenteen Federazio Nazionalak "ekintza terroristatzat" jo ditu suteak.

1962an independentzia lortu zuenetik, Magrebeko herrialdeak ez du baliabide nahikorik horrelako hondamendiei aurre egiteko; hori dela eta, Europako hainbat herrialdetatik hainbat zisterna-hegazkin eramateko operazioa egingo dutela adierazi dute agintariek.

Italian, suteak baso hektareak irensten ari dira Sizilian, Sardinian eta, batez ere, Calabrian, Italiako hegoaldean; dagoeneko bost pertsona hil dira, hainbat udalerri ebakuatu dituzte eta UNESCOren zenbait ondare mehatxupean daude.

45 gradutik gorako tenperaturak eta sirokoaren haize bortitza dela eta, hainbat sutek aktibo jarraitzen dute Sizilian, eta lau fronte jada iritsi dira edo iristen ari dira jendea bizi den guneetara. Hori dela eta, 800 pertsona inguru ebakuatu behar izan dituzte Petralia Sottana, Petralia Soprana eta Polizzi Generosa herrietan eta Madonie, Linguaglossa Etna eta Linguaglossa Enna inguruetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Europa Suteak Grezia Eguneko albisteak Albisteak Turkia Italia