Mundua -
Venezuela
Venezuelako Gobernua eta oposizioa Mexikon elkartuko dira Venezuelako krisiari irtenbidea bilatzeko
Madurok dagoeneko Gobernuaren kideak bileran izango direla berretsi du eta elkarrizketan zazpi puntu jorratuko dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Venezuelako Gobernuko kideak eta oposizioa Mexikon elkartu dira Venezuelako krisiari irtenbidea bilatzeko eta negoziazio prozesu berri bat abiatzeko. Hala ere, oraingoz arrakasta lortzeko aukerak ez dira huts egin duten beste prozesu batzuetakoak baino handiagoak.
Mexikoko Atzerri Ministerioak ohar baten bidez jakinarazi duenez, bilera ostiral arratsaldean izango da, Norvegiak, aurreko prozesuan bezala bitartekari lanak egiten dituena, herenegun baieztatu baitzuen bi alderdiak elkarrizketen "azken fasean" daudela.
Madurok dagoeneko Gobernuaren kideak bileran izango direla berretsi du. "Elkarrizketan sinesten dugu bide gisa, elkar entzuteko eta elkar ulertzeko modu gisa", esan zuen joan den igandean. Maduroren gobernuak zigorrak kentzea, Venezuelako erakunde legitimoak aitortzea eta konspirazioari uko egitea eskatzen du.
Elkarrizketa zazpi puntutan egituratuko dute. Europa Press albiste-agentziak jakin duenez, hauek izango dira jorratuko dituzten gaiak: hauteskunde-bermeak; eskubide politikoak denontzat; zigorrak eta ondasunak berrikustea; Zuzenbide Estatua errespetatzea; elkarbizitza politiko eta soziala; ekonomia nazionalaren babesa; eta kontrolerako taldea eta bermeak.