Mundua -

Afganistan

Amnistia aldarrikatuko dutela eta emakumeen eskubideak errespetatuko dituztela agindu dute talibanek

"Duela hogei urte nolakoak ginen eta orain nolakoak garen alderatuz gero, alde handia dago", adierazi dute talibanek boterea eskuratu ostean egindako lehen agerraldi publikoan.

Zabihula Muyahid talibanen bozeramailea. Agentzietako bideo batetik hartutako irudia.
Zabihula Muyahid talibanen bozeramailea, prentsaurrekoan
Emakumeen eskubideak bermatuko dituztela esan dute talibanek, baina 'lege islamiarraren barruan'

0:18

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Talibanek "amnistia" hitzeman dute astearte honetan segurtasun-indarretan ibili diren afganiar herritarrentzat, baita Ashraf Ghani presidentearen Gobernurako edo atzerriko ordezkaritzetarako lan egin zutenentzat ere. Zabihula Muyahid bozeramaileak emandako prentsaurrekoan, halaber, ziurtatu dute Afganistango emakumeen eta neskatoen eskubideak errespetatuko dituztela, betiere "lege islamikoak zehazten dituen mugen barnean".

Igandean Kabul hiriburua hartu zutenetik prentsarekin izandako lehen topaketan, talibanek berretsi dute ez dutela mendekurik nahi; hain zuzen ere, "amnistia" emango diete segurtasun-indarretan ibili diren afganiarrei eta Ashraf Ghani presidentearen Gobernurako edo atzerriko ordezkaritzetarako lan egin zutenei. Hori iragarri dute talibanek igande gauetik.

"Ez dugun hemen hazi diren gazteak joaterik nahi. Gure aktibo handiena dira. Inork ez die galdetuko norentzat ibili diren lanean. Inor ez dugu galdekatuko, eta inor ez dugu jazarriko", esan du Muyahidek.

"Afganistango egonkortasunaren eta bakearen mesedetan, denak barkatu ditugu", nabarmendu du: "Gure borrokalariek, gure jendeak, guztiok emango dugu dena gainerako aldeak eta fakzioak ere sartzeko", jakinarazi du.

Emakumeen eta neskatoen egoera

Emakumeen eta neskatoen egoerari dagokionez, talibanen bozeramaileak esan du horien eskubideak errespetatuko dituztela, betiere lege islamikoaren barnean. Muyahidek azaldu duenez, emakumeak "talde oso aktiboa" izango dira Afganistango gizartean, eta ikasteko eta lan egiteko aukera izango dute, baina, hori bai, "Islamaren markoan".

Prentsaurrekoan, Muyahidek duela hogei urteko talibanekin dituzten aldeak azpimarratu nahi izan ditu; izan ere, esan duenez, alde handia dago, azken bi hamarkadetan "esperientzia, heldutasuna eta ikuspegia" bereganatu dituztelako.

"Gure herrialdea nazio musulmana da, duela hogei urte zein orain; baina, esperientziari, heldutasunari eta ikuspegiari erreparatzen badiegu, argi dago alde handia dagoela, duela hogei urteko egoeraren eta oraingo egoeraren artean. Hartuko ditugun erabakietan, alde handia dago. Eboluzio-prozesua izan da hau", azaldu du bozeramaile talibanak: "Gobernua osatuta, dena argiago egongo da", hau da, Afganistanen indarrean izango diren legeak erabakita.

Iragarri duenez, talibanek ez dute baimenduko Afganistan beste inoren aurkako erasoak antolatzeko lekua izatea. "Nazioarteari, Ameriketako Estatu Batuei barne, ziurtatu ahal diogu afganiar lurraldea inork ez duela baliatuko beste inori erasotzeko", esan du Muyahidek.

"Gure lurraldea ez da inoren edo munduko beste herrialde baten aurka erabiliko. Nazioarteak jakin behar du konpromisoa dugula horrekin, inork kalterik izan ez dezan", adierazi du.

Aurreko egunetan Afganistanen izandako hildakoen gainean, talibanen bozeramaileak esan du ardura ez dela eurena, hildakoena baizik, "etsaiaren alde borrokan ari zirelako". Komunikabide pribatuei dagokienez, azaldu du "aske eta independenteak" izango direla, baina ezingo dutela Afganistango balio nazional eta kulturalen aurka egin erantsi du.

Talibanen bigarrena Afganistanera bueltatu da

Testuinguru horretan, Baradar Akhund mullah, talibanek Qatarren duten bulego politikoko eta taldeko bigarrena, Afganistanera bueltatu da asteartean. Erregimen matxinoa 2001ean agintetik kendu zutenetik, herrialdera itzuli den lehen lider talibana da.

Kandaharren egin diote harrera Akhundi. Adierazgarria da ez dela hasiera batean Kabul hiriburura joan, Kandaharrera baizik; izan ere, aipatutako hiri hori talibanen mugimenduaren gotorleku handienetakoa da. Oraingoz, ez dute jakitera eman non dagoen talibanen lider nagusia, Hibatulá Ajundzada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Afganistango albisteak gaur