Itxi

2021/08/18

20:34

Mundua

Afganistan

Arriskuan dauden afganiarrak hartzeko eskatu die Bruselak EBko herrialdeei

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Estatu kideetako Barne ministroek bilera egin dute asteazken honetan, eta, besteak beste, talibanek agintea berreskuratu ostean Afganistanen dagoen egoera aztertu dute.

1:26
Frantziak bidalitako hegazkina. Agentzietako bideo batetik ateratkao irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ylva Johansson Barne komisarioak asteazken honetan Europar Batasuneko kideei eskatu die arrisku-egoeran dauden afganiarrak hartzeko konpromisoa indartzeko eta, halaber, harrera-kuotak handitzeko. Talibanek igandean hartu zuten Kabul, Afganistango hiriburua, eta EBk premia duten afganiarrei harrera egiteko eskatu die estatu kideei.

Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Gai eta Segurtasun Politiketarako goi ordezkariarekin batera, Johanssonek ere hartu du parte EBko estatu kideetako Barne ministroen bileran. Hasiera batean, bilerak Bielorrusiatik Lituaniarako migrazio-jarioari heltzea zuen helburu, baina, azkenean, Afganistango egoerak biziki baldintzatu du.

"Estatu kideei eskatu diet harrera egiteko konpromisoa indartzea, harrera-kuotak handitzea, nazioarteko babesa behar dutenei laguntza ematea eta legezko bide osagarriak eskaintzea", jakinarazi du agiri batean Johanssonek, Bruselak azken gertakarien aurrean egindako lanaren berri emateko.

"Afganistanen arriskuan dauden pertsonak ezin ditugu alde batera utzi. Kazetariak, gobernuz kanpoko erakundeen langileak eta herrialdean giza eskubideen alde lanean ari direnak daude arriskurik handiena dutenen artean", EBko Gobernuaren ordezkariaren hitzetan.

Johanssonek EBko estatu kideetako ministroei esan dienez, Europako Batzordea "balizko egoera guztiak kontuan izanik ari da prestatzen"; izan ere, aurreikuspena da Afganistango ezegonkortasunak migrazio-presioa areagotzea.

Esloveniaren esku dago seihileko honetan Europar Batasuneko estatu kideetako ministroen bilerak koordinatzea; herrialde horretan ere lanean ari dira, "Europar Batasunean migrazio-presioa handitzeko aukera baitago, eta erantzun bateratua izan behar dugu, kontu horri eta beste hainbati aurre egiteko", esan dute agiri batean.

"Nazioarteak dena egin behar du laguntza humanitario egokia ziurtatzeko, eta Afganistango herritar zaurgarrienak babesteko", adierazi du Ales Hojs Esloveniako Barne ministroak.

"Genero-alderdia"

Johanssonen iritzian, Europarako legez kontrako ibilbideei baino harrerari eman behar zaio lehentasuna, eta horrek "genero-alderdi argia du". "Argi dago Afganistango emakumeak eta neskatoak egoera bereziki arriskutsuan daudela", ohartarazi du.

Horrez gain, azpimarratu du garrantzitsua dela Afganistanekin muga duten herrialdeekin elkarlanean aritzea; izan ere, azken egunotan ehunka herritarrek ihes egin dute horietara. Beraz, Irakera eta Pakistanera laguntza humanitarioa bidaliko dute, iheslariei laguntze aldera.

Urte hasieratik, 550.000 afganiarrek ihes egin dute herrialdetik, baina 2,9 milioi zeuden ihes eginda 2020ko amaieran. Iheslarien % 80 emakumeak eta haurrak dira.  

Blokeoa aireportuan, AEBren esanetan

Testuinguru honetan, Ameriketako Estatu Batuetako agintariek esan dute talibanak ez direla konpromisoak betetzen ari, eta afganiarren sarbidea ari direla blokeatzen Kabulgo aireportuan, tropa estatubatuarrak ebakuazio-lanetan ari diren bitartean.

"Ohar publikoetan kontrakoa dioten arren eta gure Gobernuarekin bestelako konpromisoak badituzte ere, txostenak ditugu: talibanak bideak blokeatzen ari dira, herrialdetik irten nahi duten afganiarrak aireportura iristea saihesteko", adierazi du Wendy Sherman Estatu idazkariordeak, prentsaurrekoan.

Gainera, Nazioarteko Diru Funtsak blokeatu egin ditu erakundeak larrialdietarako erreserbetan dituen 400 milioi dolar, talibanek eskura ez ditzaten. Nazio Batuen Erakundeko finantza-erakundeak agiri baten bidez azaldu duenez, "nazioartean ez dago argitasunik Afganistango Gobernuaren balizko onarpenaren gainean".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;