Mundua -

Koronabirusa

Zeelanda Berrian konfinamendua ezarri dute hiru egunez, herritar batek covid-19an positibo eman ondoren

Ia sei hilabetean lehen aldiz, Auckland hiriko biztanle baten positiboa baieztatu ondoren ezarri dute neurri murriztaile hori. Izan ere, positibo eman duen pertsona hori, asteburuan Coromandel penintsulara joan zen, kutsatuta.

Zeelanda Berrian konfinamendua ezarri dute hiru egunez. Argazkia: EITB Media
Zeelanda Berrian konfinamendua ezarri dute hiru egunez. Argazkia: EITB Media
Comienza el confinamiento de tres días en Nueva Zelanda

0:56

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zeelanda Berriak etxeko konfinamendua ezarri du hiru egunez, herritar batek covid-19an positibo eman ondoren. Hain zuzen ere, neurri murriztaile horrek bost milioi pertsonari baino gehiagori eragiten die. Tokiko agintariek azaldu dutenez, delta aldaeraren lehen agerraldiari aurre egitea da asmoa; izan ere, ostegun honetara arte hamar kasu atzeman dituzte.

"Gaitza atzemateko frogek baieztatu dutenez, delta aldaerarekin kutsatu da koronabirusean positibo eman duen herritar horrek. Sekuentzia genomikoaren arabera, Hegoaldeko Gales Berriko agerraldiaren infekzioei lotuta dago", azaldu die Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak kazetariei, Wellingtonen egindako agerraldian.

Zeelanda Berriko lehen ministroak ahalegin handia egin du covid-19ari aurre egiteko, eta mundu osoan txalotu dute pandemiaren kudeaketa. Testuinguru horretan, herrialdean bizi diren bost milioi biztanle baino gehiago konfinatu ditu hiru egunez, baina Auckland hirian eta Coromandel penintsulan bizi direnak zazpi egunez konfinatuta egongo dira.

Ia sei hilabetean lehen aldiz, Aucklandeko herritar baten kutsatzea baieztatu ondoren ezarri dute neurri murriztaile hori. Izan ere, positibo eman duen pertsona hori, asteburuan Coromandelera joan zen, kutsatuta zegoela jada.

Ordutik, bederatzi kasu gehiago atzeman dira, horien artean, Aucklandeko ospitale batean lan egiten duen pertsona bat. Zehazki, hiri horrek 1.700.000 biztanle ditu eta herrialde horretako hiririk jendetsuena da, baina adituek uste dute 50 eta 120 pertsona artean kutsatu direla konfinamendua indarrean sartu aurretik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Herriak eta Hiriak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Zientziaren hedapena Australia Sendagaiak Txertoak Ozeania Koronabirusa