Itxi

2021/08/23

20:59

Mundua

AFGANISTAN

Nazioarteko tropek Afganistanen denbora gehiago eman nahi dute, ebakuazioa bermatzeko

Agentziak | eitb media

Talibanek ohartarazi dute "ondorioak" izango direla AEB eta gainerako herrialdeak ez badira abuztuaren 31rako erretiratzen. Tentsioa handia da oraindik Kabulgo aireportuan; milaka lagunek bertan jarraitzen dute herrialdea uzteko aukera bila eta azken egunetan 20 bat pertsona hil dira.

  • Espainiako Armadaren hegazkin bat dozenaka afganiar ebakuatzen. Argazkia: EFE

    Espainiako Armadaren hegazkin bat dozenaka afganiar ebakuatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Joe Biden AEBko presidentearen hitzetan, abuztuaren 31rako Afganistango ebakuazioa amaitzea espero du, baina baliteke denbora gehiago ematea, Kabulgo aireportuan egoera arriskutsua delako eta eraso terroristen mehatxua dagoelako. G7ko herrialdeek, berriz, epea luzatzea proposatu dute, eta Joe Bidenek, aukera bat dela onartu arren, Afganistanen geratu beharrik ez izateko itxaropenari eusten dio. Hori bai, "itzuli nahi duen estatubatuar oro itzuliko da", esan du.

"Bide luzea dugu oraindik aurretik, eta gauzak oker litezke", ohartarazi du; eta, herrialdetik irteteko hegazkinik hartu ezin izan duten pertsonen desesperazio irudiei erreferentzia eginez, aitortu du ez dagoela jende hori guztia "nahigaberik gabe" ebakuatzeko modurik.

Bestalde, Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroak jakinarazi du Alemania, Estatu Batuak eta Turkia talibanekin negoziatzen ari direla abuztuaren 31tik aurrera herrialde horretan jarraitzeko, ebakuazioak bermatze aldera.

"Egun horretatik aurrera ere Kabulgo aireportuaren funtzionamendua agintari zibilen esku egotea ahalbidetu nahi dugu", adierazi du.   

Edonola ere, Maasek azpimarratu du aireportua irailean irekita mantendu ahal izateko segurtasuna bermatzea ezinbesteko baldintza dela, eta ohartarazi du egoera "gero eta kaotikoagoa" dela.

AEBko Gobernuak oraindik ez duela erabakirik hartu esan du, baina G7ko gainerako herrialdeen asmoa tropak han mantentzea dela aitortu du, herritarren ebakuazioa koordinatzen jarraitzeko.

Talibanak, epea luzatzearen aurka

Bidenen hitzen ostean, Suhail Shahin talibanen bozeramaileetako batek astelehen honetan ohartarazi du "ondorioak" egongo direla AEBk eta atzerriko gainerako herrialdeek ez badituzte ebakuazioak abuztuaren 31rako (Bidenek ezarritako epemuga) amaitzen, eta ordurako herrialdetik ateratzen ez badira.

Bidenen arabera, AEBko soldaduek aireportuaren perimetroa zabaldu dute, herrialdetik irteteko zain dauden pertsonen segurtasuna bermatze aldera. Izan ere, talibanek hiriburua hartu zutela astebete pasatu denean, milaka lagunek Kabulgo Hamid Karzai aireportuan jarraitzen dute hegazkin batera igotzeko aukera baten zain.

Tentsioa ez da baretzen aireportuan. Bertan bizi den egoera kaotikoaren ondorioz, hogei lagun hil dira bertan aste honetan. Gainera, polizia afganiar bat hil da eta hiru lagun zauritu dira astelehen honetan aireportuko iparraldeko atean polizien eta erasotzaile ezezagunen artean izandako tiroketan, Alemaniako Armadak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Ebakuazioak mehatxupean

Mundu osoko hainbat herrialdek (Espainia, Alemania, Erresuma Batua, Belgika, Italia, Japonia, Australia eta AEB, besteak beste) hegazkinak bidaltzen jarraitzen dute euren herrikideak eta afganiarrak nahiz lanbideagatik edo egoeragatik arrisku larrian dauden eta herrialdetik alde egin behar duten zibilak ebakuatzeko. Hala ere, nabarmendu dute ez direla Kabulera joango, "bidaiariak aldi baterako base seguruetatik eta bitarteko zentroetatik eramaten" lagunduko baitute.

Estatu Batuek akordioak lortu dituzte hainbat herrialderekin, Alemaniarekin, Qatarrekin, Espainiarekin eta Bahrainekin, esaterako, AEBra bisa bereziekin joan nahi duten eta arriskuan dauden afganiarrak aldi baterako har ditzaten.

AEBk 25.000 pertsona atera ditu Afganistandik egunotan. Etxe Zuriaren arabera, 10.000-15.000 estatubatuar daude oraindik Afganistanen ebakuatzeko zain, eta baita AEBk handik atera nahi dituen 50.000 eta 65.000 afganiar eta haien familiak ere. Erresuma Batuak ia 6.000 lagun atera ditu jada, eta aste honetan beste hainbeste ebakuatzea du helburu.

Etxe Zuriak ohartarazi duenez, baina, Estatu Islamikoaren eraso terrorista baten mehatxu "erreal, larri eta iraunkor" baten menpe ari dira ebakuazio hori egiten; izan ere, "terroristek egoera aprobetxa dezakete aireportuari erasotzeko".

Larunbat honetan, Afganistango hiriburuko enbaxada estatubatuarrak herritarrei ohar baten bidez gomendatu die saihets dezatela aireportura joatea "funtzionario estatubatuar baten zuzeneko informazioa jaso ezean", aireportuko ateetan "segurtasun mehatxuak" izan daitezkeelako.

Antony Blinken AEBko Estatu idazkariaren hitzetan, aireportuaren inguruko egoera "izugarri aldakorra" da, eta talibanek Kabul kontrolatzeak zaildu egiten du ebakuazioa. Hori dela eta, beharrezko ikusten du "orain talibanekin harremanetan egotea", aireportura modu seguruan sartzeko aukera bermatzeko, aireportura sartu nahi duten afganiarrak blokeatzen eta erasotzen ari direla zabaldu arren.

Ostiralean talibanekin elkarrizketa prozesu bat abiatu beharraz aritu ziren Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, talibanek Kabul hiriburua konkistatu ondoren, Afganistango herritarren segurtasuna bermatzeko pauso gisa.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;