Mundua -
Krisi politikoa Tunisian
Parlamentua bertan behera utzi eta diputatuei immunitatea kentzeko erabakia luzatu dute Tunisian
Presidenteak defendatu duenez, ez ditu bere eskumenak gainditu nahi, ezta diktadore bihurtu ere, eta Fiskaltzaren buruzagitzan ustelkeria susmoak argitzeko ikerketa bultzatuko duela ziurtatu du.
Agentziak | EITB MEDIA
Kais Saied Tunisiako presidenteak luzatu egin du Tunisiako Parlamentua bertan behera utzi eta Parlamentuko diputatuei immunitatea kentzeko erabakia, "beste abisu bat eman arte".
Tunisiako Presidentetzak jakitera eman duenez, duela hilabete ezarri ziren salbuespenezko neurri horiek luzatzeko agindua eman du Saiedek. Era berean, Hichem Mechichi ordura arteko lehen ministroa kargutik kendu du, Gobernuaren kargu-uztea eskatzen zuten protesten ostean.
Tunisiako Konstituzioak Parlamentua desegitea onartzen ez duen arren, bere funtzioak 30 egunez etetea onartzen du, eta hori eskatu zuen presidenteak. Oposizioak, bere aldetik, haren ekintzak gaitzetsi ditu, eta "estatu-kolpea" egitea leporatu diote.
Eskumen guztiak bereganatu ostean, Tunisiako presidenteak adierazi zuen bere erabakia aurreko egunetan pandemiaren, ustelkeriaren eta krisi ekonomiko larriaren kudeaketaren aurka egindako mobilizazioen erantzuna zela, eta Konstituzioan oinarrituta jokatu zuela gaineratu zuen.
Hala, presidenteak esan zuen ez dituela bere eskumenak gainditu nahi, ezta diktadore bihurtu ere, eta ziurtatu zuen Fiskaltzaren buruzagitzan ustelkeria susmagarrien aurkako ikerketak bultzatuko zituela.
Ennahdak zuzendaritza-batzordea desegin du
Bestalde, herrialdeko krisi politikoaren testuinguruan, Ennahda alderdi islamistak bere batzorde exekutiboa desegingo duela iragarri zuen astelehenean, etapa berriaren parean alderdi berri bat sortzeko helburuarekin.
Rachid Ghanuchi Ennahdako buruak azaldu duenez, batzordeko kide guztiak kargutik kentzea erabaki dute, "etapa berrirako eskakizunei" erantzuteko eta "beharrezko eraginkortasuna" lortzeko, TAP Tunisiako agentziak zabaldutakoaren arabera.
Bulego berria osatu arte lanean jarraitzeko deia egin die Ghanuchik batzordeko kideei, eta, bestalde, krisi politikoa kudeatzeko batzordeak bere misioarekin jarraituko duela aurreratu du, herrialdea "salbuespenezko egoera" horretatik ateratzen laguntzeko.