Mundua -

AFGANISTAN

Eraso terrorista baten beldurra areagotzen ari da Kabulgo aireportuan

Kabulen dagoen Estatu Batuetako enbaxadak berehala ate nagusietatik joatea eta aireportuaren inguruetara ez hurbiltzea gomendatu du. Mehatxu horren aurrean, hainbat herrialde ebakuazioak eteten ari dira.

Afganistandik irtetea lortu duen haur bat. Argazkia: EFE
Afganistandik irtetea lortu duen haur bat
Afganistandik irtetea lortu duen haur bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Afganistan talibanen esku geratu denetik, mendebaldeko potentziak, Estatu Batuak buru dituztela, buru belarri dabiltza lanean enbaxadetako langileen ebakuazioa burutzeko, baita haiekin elkarlanean aritu diren afganiarrena ere.

Azken orduetan, baina, beste oztopo bat gehitu zaio ebakuazio prozesuari: Eraso terrorista baten arrisku handia Kabulgo aireportuaren inguruan.

Bien bitartean, milaka pertsonak aerodromoaren inguruan pilatuta jarraitzen dute, abuztuaren 31 baino lehen, nazioarteko tropak erretiratu aurretik, herrialdetik irteteko esperantzarekin.

Mehatxu horren aurrean, Kabulen dagoen Estatu Batuetako enbaxadak aireportuko ate nagusietatik "berehala" alde egitea eta aireportuaren inguruetara ez hurbiltzea gomendatu du, AEBko ordezkariren batek "argibide zehatzak" eman ezean.

Eta ez Estatu Batuak bakarrik. Erresuma Batuak eta Australiak ere antzeko mezuak zabaldu dituzte eta eraso terrorista batean pentsatzeko informazio sinesgarriak daudela ohartarazi dute.

Kabulgo egoera gero eta larriagoa da, baina Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa Departamentuak asteazkenean emandako datuen arabera, 10.000 pertsona baino gehiago Afganistandik irteteko zain daude aireportuan.

Hainbat herrialdek ebakuazioak eten dituzte

Testuinguru horretan, hainbat herrialdek ebakuazio lanak eten dituzte dagoeneko segurtasun arriskuengatik; Belgikak ebakuazio operazioei amaiera eman die, esaterako, eta Herbehereek, berriz, azken hegaldiak gaur egingo dituztela iragarri dute. Frantziak ere lekualdatzeak bertan behera utziko dituela aurreratu du bihar gauean.

Talibanek aste honetan ohartarazi dutenez, ez dute Afganistango herritarren ebakuaziorik erraztuko, eta herritarrei eremutik alde egiteko eskatu diete. Hori bai, hilabren 31 ondoren, behin ebakuazioa amaituta, dokumentazioa indarrean duten afganiarrek hegaldi zibiletan herrialdetik alde egiteko aukera izango dutela azaldu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Talibanen erregimenaren azken ordukoa