Mundua -
2013ko aurrekontua
Obamak aurrezteko neurriak eta zerga gehiago proposatu ditu 2013rako
Obamaren hitzetan, bere aurrekontuak defizita 4 bilioi dolarretan murriztu nahi du 2022 urte bitartean; horretarako, "murrizketa zailak, baina erabat beharrezkoak" egin behar direla esan du.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak 2013rako aurrekontuak aurkeztu ditu gaur. 3 bilioi dolar baino gehiagoko aurrekontuak dira, eta aurrezteko neurriak eta zerga gehiago proposatu ditu aurtengo ekitaldirako aurreikusitako Barne Produktu Gordinaren % 8,5eko defizita % 5,5era murrizteko 2013an.
Obamaren hitzetan, AEBetako ekonomiak manufaktura sektorea, energia berriztagarriak eta langile kalifikatuak prestatzeko hezkuntza eskuragarria bultzatzen jarri behar du arreta.
Azaroko hauteskundeetara aurkezteko asmoa duela iragarri ondoren, presidenteak adierazi du bere aurrekontuaren helburu nagusia defizita 4 bilioi dolar murriztea dela 2022 urte bitartean. Horretarako, "murrizketa zailak, baina erabat beharrezkoak" egin beharko direla onartu du.
Halaber, Barne Produktu Gordina aurten % 2,7 haztea espero du, eta 2013an, % 3 egitea.
AEBetako presidentearen ustez, ezin dira errepikatu krisi ekonomikoa eragin zuten akatsak.
Besteak beste, Defentsarako aurrekontuan aurreztuta (850.000 milioi dolar) eta zerga gehiago jarrita, Gobernuak 800.000 milioi dolar prest izan nahi ditu enplegua sortzeko eta herri-lanetan inbertitzeko.
2013rako aurrekontuetan guztira 3,8 milioi dolarreko gastua aurreikusi dute, eta diru-sarrera handienak dituztenei zergak igotzea eta urtean 250.000 dolarretik gora irabazten dituztenei George W. Bush presidentearen Administrazioak (2001-2009) onartutako zerga-murrizketak bertan behera uztea.