Mundua -
Bataclango erasoak
"Estatu Islamikoaren soldadua" dela aldarrikatu du Abdeslamek epaiketaren hasieran
Ahozko saioa hasi eta gutxira, epaimahaiko presidenteak akusatu guztiak deitu ditu, Abdeslamekin hasita. "Ala beste jainkorik ez dago", adierazi du hasteko.
EITB Media
2015eko azaroan Parisen egindako erasoetatik onik atera zen terrorista bakarrak, Salah Abdeslamek, "Estatu Islamikoaren soldadua" dela aldarrikatu du epaiketa historikoaren hasieran. Frantziak bere historiako atentaturik larrienak gogoraraziko ditu prozesuan. Erasoek 130 hildako utzi zituzten.
Parisko Justizia Jauregian sala berezi bat prestatu dute epaiketa hartzeko. Prozesuak bederatzi hilabete inguru iraungo du, eta ia 1.800 herritarrek eta 300 bat abokatuk parte hartuko dute, 20 akusatuak errudun direla frogatzeko.
Ahozko saioa hasi eta gutxira, epaimahaiko presidenteak akusatu guztiak deitu ditu, Abdeslamekin hasita. "Ala beste jainkorik ez dago", esan du hasteko, Franceinforen arabera.
Abdeslamek bere gurasoen izenak emateari uko egin dio. Bere ogibideaz galdetu diotenean, berriz, "Estatu Islamikoaren soldadu izateko lana utzi nuen", erantzun du.
Aldez aurretik Belgikan egindako epaiketan zabaldutako mezuak errepikatu ditu Abdeslamek. Belgikan atxilotu zuten, eta eraso katean zuzenean parte hartu zuen akusatu bakarra da.
Marokoar jatorriko frantziarra bizarrarekin azaldu da epaimahaiaren aurrean. Ezustekorik ezean, ez du krimenengatik inolako damurik agertuko, lehen saioan argi utzi duenez.
2022ko maiatzera arte ez da epairik izango, eta erasoak gertatu zirenean Frantziako Gobernuan eta Paris hiriburuan agintean zeudenetako batzuk ere deitu dituzte epaiketa honetan deklaratzera.
Lekukoen zerrendan, besteak beste, François Hollande presidente ohia, Bernard Cazeneuve Barne ministro ohia eta François Molins Parisko fiskal ohia daude.