Mundua -
I-11, 20. Urteurrena
Segurtasun neurriak zorroztu ditu New Yorkeko Poliziak, I-11ren urteurrenaren atarian
Irailaren 11rekin lotutako "mehatxu sinesgarririk" ez dagoen arren, "mehatxu handiko gertaera" gisa tratatzen ari da Polizia urteurren borobila. Irailaren 11ko atentatuen hogeigarren urteurrena, AEBko tropak Afganistandik erretiratu eta gutxira iritsiko da.
O. P. | EiTB Media
New Yorkeko Poliziak azaldu duenez, ez dago irailaren 11ra begira mehatxu zehatzik Manhattanen aurka, baina, hiriko segurtasuna zorroztuko da, badaezpada, 2001eko irailaren 11ko atentatuen hogeigarren urteurrenera begira. AEBko tropak Afganistandik atera eta gutxira beteko dira 20 urte atentatuak gertatu zirenetik.
New Yorkeko Poliziako ordezkari John Millerrek azaldu duenez, "ez dago mehatxu sinesgarririk" I-11rekin lotuta, baina, hala ere, "mehatu altuko gertaera" gisa tratatzen ari dira.
"Beti dugu kontuan mehatxuak edonon daudela, eta, noski, urteurreneko ekitaldiaren aurretik, hark iraun bitartean eta ondoren ere adi egongo gara, ez bakarrik ekitaldiaren inguruan, hiri osoan baizik", esan du Millerrek Bill de Blasio hiriko alkatearen prentsaurreko batean.
Poliziaren ordezkariak, era berean, azpimarratu du talde terroristen "ekintzarako deia" beste urteetan baino nabarmenagoak direla, urteurren borobilaren eta AEBko tropak bertatik atera berritan Afganistan talibanen esku geratu izanak bultzatuta ziurrenik.
Millerrek zehaztu duenez, propaganda argitalpenak aurkitu dituzte, "dozena bat baino gehiago", gehienak Al Kaidakoak, hala nola Lobos de Manhattan aldizkaria, izena I-11ko atentatuen egileen omenez duena. Joan den abuztuan AEBko Segurtasun Nazionaleko Departamentuak ohartarazi zuen egunean nahiz bezperetan "askotariko mehatxuei eta desafioei" egin beharko diela aurre hiriak.
Nazio-segurtasunerako idazkari Alejandro Mayorkasek ohartarazi zuen orduan irailaren 11ren urteurrena eta jai erlijiosoak "indarkeria selektiboko ekintzen katalizatzaile" gerta daitezkeela, tokiko terroristek, norbanakoek eta talde biolentoek, baita kanpoko terroristek eta beste "atzerriko eragin gaizto" batzuek ere bultzatuta.
Datorren larunbatean Zero Eremuan egingo den ospakizun-ekitaldia aurreko urteetakoaren antzekoa izango da. Bertan, atentatuan hildako ia 3.000 lagunen izenak irakurriko dituzte, eta erasoan erabilitako hegazkinak bahitu eta erori zireneko uneak nabarmenduko dituzte.
Halaber, gauean "Argien Omenaldia" egingo dute, Dorre Bikiak zeuden toki beretik aterako diren bi argi-izpi erraldoirekin.