Mundua -
Tragedia
350 bat preso hil dira, Hondurasko espetxe batean piztutako sutean
Iturri ofizialen arabera, baliteke zirkuitulabur batek eragin izana. Kartzelako arduradunak kargutik kendu dituzte.
Erredakzioa
350 pertsona inguru hil dira eta beste hainbat zauritu Hondurasko Comayaguako espetxean izandako sute batean. Herrialde horretan inoiz kartzela batean geratu den tragediarik handiena da.
Oraindik ez dago hildakoen behin betiko kopururik. Ministerio Publikoak emandako datuen arabera, 358 dira hildakoak, tartean Tegucigalpako erietxera igorri duten zaurituetako bat. Segurtasun arduradunak, berriz, 272 hildako baieztatu ditu, baina hildakoak ''300 baino gehiago'' izan daitezkeela aitortu du.
Baliteke, gainera, espetxean zeuden 850 presoetatik hainbatek ihes egin izana.
Espetxeko informazio iturriek jakinarazi dutenez, sua 23:00etan hasi da (06:00 EAEn), baina suhiltzaileak 23:30etan hasi dira sua itzaltzen. Zirkuitulabur batek eragin duela uste dute iturri ofizialek.
Porfirio Lobo Hondurasko presidenteak kargutik kendu ditu Comayagua espetxeko arduradunak eta herrialdeko kartzelen kudeaketako arduradunak ere, ikerketa ''erabat gardena'' ziurtatzeko.
Presoen senideek kazetariei jakinarazi dietenez, jaso duten lehen informazioaren arabera, seigarren eta zortzigarren moduluak izan dira kalte gehien jasan dutenak. Preso batzuek sabaia apurtu eta handik salto egin eta ihes egitea lortu dute, beste batzuek, berriz, espetxetik irten eta ihes egin dute.
2004ko maiatzaren 17an 107 preso hil ziren San Pedro Sulako espetxean piztutako sute batean. Orduan, kartzelako segurtasun sistemaren akatsei egotzi zieten tragedia.