Mundua -
Suedian
Bizirik atera da autoan bi hilabete elurrak harrapatuta igaro ostean
Medikuen arabera, "gorputzeko tenperatura 31 gradukoa zen eta gorputza horretara ohitu zitzaion. Tenperatura baxu horri esker, ez zuen energia askorik gastatu".
Erredakzioa
Suediako Poliziak eta erreskate talde batek autoan eta elurrak harrapatuta bi hilabete zeramatzan gizonezko bat bizirik aurkitu dute, Poliziak aditzera emandakoaren arabera. Gizonak ez zuen jatekorik.
Gizona, 45 urtekoa, autoaren atzealdean zegoen, lotarako saku baten barruan, arraustuta eta oso ahul. Ostiralean aurkitu zuten, Umea hirian, Suediako iparraldean, elur-motorretan zihoazen pertsona batzuek autoa ikusi eta istripu bat izan zuela uste izan zutenean.
"Sinestezina da gizona bizirik egotea, batez ere jatekorik ez zuela jakinda. Gainera, Gabonen ostean hotz handia egin du", esan du erreskate taldeko kide batek.
Hibernazio egoera
Ospitaleko medikuen arabera, janaririk gabe gizakiak lau aste iraun ditzake bizirik. Stefan Branth medikuak azaldu duenez, gizonak elurra jan du, eta, ziurrenik, hibernazioaren antzeko egoera batean egonez iraun zuen bizirik.
"Hartzen hibernazioaren antzekoa da. Gizakiok ere gauza bera egin dezakegu", esan du. "Ziurrenik gorputzeko tenperatura 31 gradukoa zen eta gorputza horretara ohitu zitzaion. Tenperatura baxu horri esker, ez zuen energia askorik gastatu".