Mundua -
Irango programa nuklearra
Israelek Irani laster eraso egingo dion beldur da Washington
Obamak segurtasun auzietarako duen aholkularia Israelen da, krisia kudeatzeko asmoz. BBCk zabaldu duenez, litekeena da Iran nuklearra hedatzeko prestatzen hastea.
Errdakzioa
AEBetako Gobernuko iturriek 'Haaretz' Israelgo kazetari jakinarazi dioenez, Israelek Irani laster eraso egingo dion beldur da Washington. Larunbat honetan Tom Donilon segurtasun auzietan aditua den Barack Obamaren aholkularia Israelera heldu da, Irango programa nuklearrak eragindako krisia kudeatzeko asmoz.
Donilon Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bilduko da. Gainera, Netanyahu bera Washingtonen izango da datorren hilabetean eta bisita ofizial horretan, Obamarekin batzartuko da.
AEBetako Administrazioaren ordezkari batek aitortu duenez, azken sei hilabeteetan Israelgo Gobernutik heldu diren mezuak kezkagarriak dira eta baliteke Israel Iranen aurkako eraso militar bat prestatzen ibiltzea. Hala ere, AEBek balizko eraso hori atzeratzea nahi dute, Irani ezarritako zigor ekonomikoek eragina izan dezaten. Tel Avivek, ordea, ez du uste zigor ekonomikoek Iranen jarrera aldatuko dutenik. "Programa nuklearra gelditzen ez duen edozein neurri ezegokia izango da", azpimarratu du Israelgo Gobernuko bozeramaile batek.
Programa nuklearra hedatu
Bestalde, baliteke Iran Qom hiritik gertu (herrialdearen iparraldean) egindako planta batean programa nuklearra hedatzeko prestatzen hasi izana, Vienan diplomazialari batek BBC Erresuma Batuko telebista-kateari jakinarazi dionez. Arma atomikoak egiteko uranio aberastu gehiago ekoitziko dutela esan nahiko luke horrek.