Itxi

2021/09/29

14:48

Mundua

Arrantza-akordioa

Europako Justiziak EB eta Marokoren arteko arrantza akordioak bertan behera utzi ditu

Agentziak | EITB Media

Europar Batasuneko Auzitegi Orokorraren ustez, akordioak Mendebaldeko Saharari aplikatzen zaizkion heinean, lurralde horretako herritarrei eragiten diete, eta haien adostasuna lortzea eskatzen zuten.

1:30
Fronte Polisarioak aurkeztutako helegiteak
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak bertan behera utzi du Europar Batasunaren eta Marokoren arteko arrantza-akordioa, eta Fronte Polisarioak aurkeztutako hiru helegiteetatik bi onartu ditu; izan ere, haren legezkotasuna errefusatu du, Maroko subiranoa ez den saharar lurraldeari buruz ari dela iritzita.

2019ko otsailean, Europako Parlamentuak arrantzarako akordio hori berretsi zuen, marokoar jatorriko produktuei Erkidegoko arantzel-lehentasunak ezartzen zizkiena.

Orain, Auzitegi Orokorrak uste du akordioek Mendebaldeko Saharari eta haren ondoko urei eragiten dieten heinean, lurralde horretako herritarrei eragiten dietela eta haien adostasuna behar zutela.

Hala ere, Luxenburgoko Auzitegiaren epaiak akordio horiek "denboraldi batez" aplikatzen jarraitzen du, "Batasunaren atzerri-ekintza eta nazioarteko konpromisoen segurtasun juridikoa babesteko".

Europako epaileen arabera, epe hori ezingo da bi hilabetetik gorakoa izan. Hala ere, alderdietako batek Justizia Auzitegian kasazio-errekurtsoa aurkezteko eskubidea egikaritzen badu, erabakiak aplikatzen jarraitu ahal izango da gaia behin betiko ebatzi arte.

Bruselaren eta Rabaten arteko arrantza-akordioa bertan behera uzteak Espainiari eragiten dio bereziki, estatu kide onuragarriena baita: Afrikako uretan arrantzatzeko baimena duten 128 ontzietatik 92k Espainiako bandera dute.

Marokorekin egindako arrantza-itunean jasotako harrapaketen % 91 saharar uretatik datoz. Ur horiek eskuratzearen truke, EBk urtean batez beste 52 milioi euro ordaintzen dizkio Marokori akordioaren indarraldiko lau urteetako bakoitzean, eta horietatik 12 milioi inguru Europako armadoreek ordaindu behar dituzte.

Merkataritza-harremanak bermatzeko neurriak

Europar Batasunak eta Marokok "beharrezko neurriak" hartuko dituztela iragarri dute, "merkataritza-harremanen jarraipena eta egonkortasuna bermatuko duen lege-esparrua bermatzeko", Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak gaur bien arteko nekazaritzako eta arrantzako akordioei buruzko erabakia hartu ostean.

Adierazpen bateratu batean, Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Politikarako ordezkari gorenak eta Naser Burita Marokoko Kanpo Arazoetako ministroak auzitegiaren epaiari erantzun diote.

"Erabat mobilizatuta jarraitzen dugu Europar Batasunaren eta Marokoko Erresumaren arteko lankidetzarekin jarraitzeko, lasaitasun eta konpromiso giroan", adierazi du komunikatu bateratuak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;