Mundua -
Siriako Kontseilu Nazionala
9.000 pertsona hil dira Sirian, martxotik
Siriako Kontseilu Nazionalak, halaber, babesa eskatu du Bashar al Assad presidentearen erregimenaren errepresioa pairatzen duten zibilentzat.
Erredakzioa
Siriako Kontseilu Nazionalaren arabera, 9.000 pertsona hil dira, iazko martxotik, Bashar al Assad presidentearen erregimenaren errepresioaren ondorioz. Iaz hasi ziren Gobernuaren aurkako protestak eta Kontseilu Nazionalak "aldean armarik ez duten zibil errugabeak babesteko irtenbideak" eskatu ditu berriro.
Bere webgunean agiri baten bidez jakinarazi duenez, Al Assad presidentearen indarrek geroz eta hilketa gehiago egin dituztela ohartarazi du Siriako oposizioko aliantza nagusiak. Ildo horretan, "Homs, Idlib, Halfaya, Sarmin, Hama, Alepo, Damaskon eta Damasko inguruan sarraski izugarriak" egin dituzte.
Hori dela eta, "siriarren hilketak berehala gelditzeko" eskatu dio nazioarteari. Kontseilu Nazionalak salatu duenez, Gobernuko indarrek "herritar zibilen aurkako bonbardaketa" egin dute; halaber, Baba Amro auzotik (Homs hirian) ihes egindako "emakumeak bahitu eta gizonak masakratu" dituzte.
"Zilegitasun osoa galdu duen erregimen batek Sirian eragindako tragediaren beste atal bat dira hilketa hauek", agiriaren arabera.
"Duintasunaren Matxinada" hasi zenetik igaro den urte horretan, Siriako Kontseilu Nazionalak "ia 9.000 heroi hil" zenbatu ditu, “besteak beste ehunka emakume, haur eta adineko". Gainera, "milaka zauritu eta desagertu" izan dira.