Mundua -
Legegintza hauteskundeak
Hauteskundeak Iranen, Parlamentu berria hautatzeko
2009ko hauteskunde presidentzialen ostean egingo diren lehenak dira gaurkoak. Hauteskunde haien ondoren protesta odoltsuak nagusitu ziren herrialdean.
Erredakzioa
47 milioi irandar daude ostiral honetan Parlamentu berria hautatzeko hauteskundeetan parte hartzera deituak. Gaurko bozketa muturreko politikarien eta erlijiosoen arteko borroka erabakigarria izango da, baina ez da herrialdeareh programa nuklearra dela eta Mendebaldeak duen tentsioa baretuko denik espero.
Gaurkoak izango dira, hain zuzen, 2009ko hauteskunde presidentzial polemikoen ondorengo lehen hauteskundeak. Duela hiru urteko presidentzialetan Mahmud Ahmadineyad presidentearen garaipena baztertu eta erreformak eskatzen zituztenen protestak odoltsuak sortu ziren, zortzi hilabete iraun zuen tentsio egoera hark.
Irango erreformista nagusiek ez dute hauteskundeetan parte hartuko, eta beraz, zaila da herrialdearen politika nuklearrean aldaketa suertatzea. Muturreko bi taldeen arteko norgehiagoka izango da hauteskunde hauen ardatza, Ali Jamenei aiatola herrialdeko goreneko liderraren jarraitzaileen eta Ahmadineyaden leialen artekoa, alegia.