Mundua -
Hauteskundeak Errusian
Errusiako oposizioa kalera aterako da, ustezko iruzurraren aurka
Oposizioak manifestazioa deitu du arratsalderako. Nazioarteko begiraleek agerraldia egingo dute eguerdian.
Erredakzioa
Errusiako oposizioak manifestazioa deitu du 19:00etarako (17:00ak Euskadin) Kremlinen inguruetan, Moskun, Presidentziarako hauteskundeetan iruzurra izan dela salatzeko.
Hauteskundeetan, Vladimir Putin lehen ministroak aise irabazi du, lehen itzulian, eta beraz ez da beharrezkoa bigarrena egitea.
Deitzaileek ez dituzte onartu hauteskundeetako emaitzak, Putinen garaipena bermatzeko iruzurra izan dela iritzita.
Hautagai guztiei tratamendu bidezkoa eman beharrean, "Gobernuaren makineria ustelak Putinen alde lan egin du", esan du Guennado Ziuganov Alderdi Komunistako presidentegaiak.
Mijail Projorov hautagai aberatsak emaitzak onartu ditu, baina ez direla bidezkoak izan gaineratu du. "Aurkeztea onartu nuenean, beste baten arauekin jokatzea onartu nuen", argudiatu du.
Bere aldetik, Sergei Parjomenkok, Putinen aurkako mugimenduaren buruetako batek, "gerra deklaratzea" egotzi dio presidente hautetsiari.
Putinek, baina, garaipena "garbia" izan dela nabarmendu du. "Irabaziko genuela promestu nizuen, eta irabazi egin dugu", esan du, 100.000 jarraitzaileren aurrean.
Nazioarteko begiraleak
Bestalde, nazioarteko begiraleek prentsaurrekoa eskainiko dute 14:00etan (12:00 Euskadin), euren ondorioak jakinarazteko. Golos erakunde independente errusiarrak aurreratu du 3.500 irregulartasun salaketa jaso dituela.
Errusiako Poliziak esan du ez dela lege urraketarik jaso bozketa egunean.