Mundua -
Irregulartasunak salatzeko
Ehunka atxilotu Errusian, hauteskundeen ondorengo protestetan
Milaka pertsona irten dira kalera, hausteskundeen emaitzen kontra protesta egitera. Botoen % 63,60rekin irabazi ditu hauteskundeak Vladimir Putinek, eta begiraleek irregulartasunak atzeman dituzte.
Erredakzioa
Ehunka pertsona atxilotu dituzte astelehen honetan Errusian, tartean oposizioko hiru buru, Presidentziarako hauteskundeetan irregulartasunak izan direla salatzeko deitu dituzten protestetan. Hauteskunde Batzar Orokorrak baieztatu duenez, 45.602.075 boto eskuratu zituen igandean Vladimir Putinek (% 63,60). Lehen ministroak aise irabazi du lehen itzulian, eta beraz ez da beharrezkoa bigarrena egitea.
Putinen garaipena bermatzeko iruzurra izan dela iritzita, oposizioak ez ditu onartu hauteskundeetako emaitzak, eta protestak deitu ditu. Deialdi horri erantzunez, milaka pertsona irten dira kalera astelehen honetan.
Moskun, 250 pertsona atxilotu dituzte, poliziak emandako datuen arabera. 20.000 bat pertsona, antolatzaileen arabera (14.000 poliziaren hitzetan), bildu dira Pushkin plazan, protesta egiteko. Ekitaldia bukatutakoan, ehunka lagunek ez dute alde egin nahi izan, eta poliziak kargatu egin du. Ehun lagun baino gehiago atxilotu dituzte, tartean oposizioko hiru buru.
Ordu batzuk lehenago beste ehun bat manifestari atxilotu dituzte, oposizioko kideak Hauteskunde Batzar Orokorraren egoitzara hurbiltzen saiatu eta bertan jarrita zegoen polizia lerroa zeharkatzen saiatu direnean. Pushkin plazan ere aurretik egin izan dituzte atxiloketak, beste manifestari batzuk gobernuaren aurkako pankartak zabaltzen saiatu direnean. San Petersburgo hirian, berriz, 70 bat pertsona atxilotu dituzte, ustezko hauteskunde iruzurra salatzeko Parlamentura sartzen saiatu direnean. Alderdi liberaleko bi diputatu daude atxilotuen artean, eta baita Eduard Limónov idazlea ere.
Begiraleek irregulartasunak atzeman dituzte
Nazioarteko begiraleek Errusiako Presidentziarako hauteskundeetan irregulartasunak izan direla adierazi dute, baina abenduko parlamentu-hauteskundeekin alderatuta aurrerapausoak ere izan direla azaldu dute.
"Herrialde handi honetan inpartziala den arbitrorik ez dagoela iritzi diogu", esan du Timmy Cox nazioarteko begiraleen arduradunak. Eta arbitro hori, hain zuzen, "demokrazia deituriko joko hau egiteko beharrezkoa" dela erantsi du.
Europako begiraleen taldeko buruak adierazi duenez, abenduko hauteskundeak baino hobeak izan dira azken hauek. "Aurrerapausoren bat ikusi dugu", adierazi du Coxek.
Baina aurrerapausoak aurrerapauso, Tonino Picula Europako Legebiltzarreko eta Segurtasun eta Lankidetza Erakundeko koordinatzaileak azpimarratu egin du Errusiak erakunde horiei hitzartutako hainbat konpromiso ez dituela bete.
Hori dela eta, hauteskundeak "bidegabeak" izan direla azpimarratu du "hauteskunde-sisteman berrikuntzak izan badira ere".
Berrikuntzen artean, besteak beste, gardentasuna indartzeko helburuarekin hauteslekuetan web kamerak jarri izana azpimarratu dute. "Esperientzia positiboa izan da, baina bozketaren gardentasunaren inguruko zalantzak baztertzeko nahikoa ez", azaldu du Heidi Tagliavini begiraleetako batek. Horrez gain, bozketa prozesua positibotzat jo dute, baina "kontaketa garaian, ikuskatutako hautesleku askotan egoerak okerrera" egin zuela salatu dute.
Halaber, hautagaiek kanpaina arazorik gabe egiteko aukera izan badute ere, "ez dira baldintza berdinetan lehiatu", nazioarteko begiraleek azpimarratu dutenez. Hala, Vladimir Putin hauteskundeetako garaileak kanpainan zehar abantaila handia izan duela azaldu dute.
Oposizioaren salaketak
Mijail Projorov hautagai aberatsak emaitzak onartu ditu, baina ez direla bidezkoak izan gaineratu du. "Aurkeztea onartu nuenean, beste baten arauekin jokatzea onartu nuen", argudiatu du.
Bere aldetik, Sergei Parjomenkok, Putinen aurkako mugimenduaren buruetako batek, "gerra deklaratzea" egotzi dio presidente hautetsiari.
Putinek, baina, garaipena "garbia" izan dela nabarmendu du. "Irabaziko genuela promestu nizuen, eta irabazi egin dugu", esan du, 100.000 jarraitzaileren aurrean.