Mundua -

Hauteskundeen ostean

Libre utzi dituzte Moskuko protestetan atxilotutako guztiak

250 pertsona inguru atxilotu zituzten Errusiako hiriburuan, eta 300etik gora San Petersburgon. Oposizioak hauteskunde iruzurra salatzen du.

Ehun bat atxilotu Errusiako protestetan

01:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Moskuko Poliziak libre utzi ditu atzo hauteskunde-iruzurra salatzeko egindako protestetan atxilotu zituzten ehunka pertsonak. Vladimir Putin lehen ministroak gehiengo osoz irabazi zituen hauteskundeak, baina oposizioak dio iruzurra egon zela.

"Atxilotu guztiak libre utzi ditugu", adierazi dio Poliziaren bozeramaile batek Interfax albiste-agentziari. Moskuko agenteek "250 pertsona" atxilotu zituztela azaldu du funtzionarioak.

Ehundik gora lagun Lubianka plazan atxilotu zituzten. Bertan Segurtasun Zerbitzu Federalaren (garai bateko KGB) egoitza nagusia dago, baina baita Hauteskunde Batzorde Zentrala ere.

Batzordearen egoitzaren inguruan zegoen Poliziaren hesia hausten saiatu zirenean hasi omen ziren atxiloketak. Horren ondoren, Pushkinskaya plazan beste ehun inguru lagun atzeman zituzten. Han amaitu zen hauteskundeetako "boto faltsuak" salatzeko manifestazioa.

Baimendutako manifestazioa amaitutakoan, dozenaka lagunek plazan dagoen iturri bat inguratu zuten hauteskundeak errepika daitezela aldarrikatzeko epe-mugarik gabeko protesta bati ekiteko.

Poliziak plazatik alde egiteko eskatu zien, baina jaramonik ez zutela egiten ikusita, atxiloketak hasi omen ziren.

San Petersburgon, Poliziak 300 pertsona baino gehiago atxilotu zituen atzo gauen, Errusiako bigarren hiri handieneko agenteek jakinarazi dutenez.

Manifestariek Putinen aurkako protesta gehiago deitu dituzte larunbaterako

Larunbatean protestak deitu dituzte berriro, Sergei Parjomenko kazetariak iragarri duenez. Martxoaren 10ean egingo dute martxa erraldoia, eta 8rako eta 9rako deituta zeudenak bertan behera gelditu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea