Mundua -

Etxe Zurirako lasterketa

'Superasteartea'k ez du argitu lehia errepublikanoa

Romney irabazle nagusia izan da, baina Santorum ezustea ematetik gertu izan da eta hurbil dauka oraindik.

Mitt Romney Bostonen (Massachusetts), 'superastearte' honetako ekitaldi batean. EFE
Mitt Romney Bostonen (Massachusetts), 'superastearte' honetako ekitaldi batean. EFE
Romney, 'superastearte'ko irabazlea

01:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mitt Romney Massachusettseko gobernadore ohia irabazle nagusia izan da 'superasteartea'n, AEBetako Alderdi Errepublikanoaren Etxe Zurirako hautagaia hautatzeko hauteskundeak izan diren 10 estatuetako seitan izan baita garaile.

Nolanahi ere, haren aurkari nagusia, Rick Santorum ultrakontserbadorea, ezustea ematetik gertu izan da, hirutan irabazi baitu. Bere aldetik, Newt Gingrich estatu batean izan da garaile. Horrenbestez, lehia irekita dago oraindik, batik bat kontuan hartuta Gingrichek amore emango balu, haren ordezkariek seguro aski Santorumen alde egingo luketeela.

Romneyk Ohio estatu giltzarria bereganatu du, baina Santorumi alde txikia aterata. Estatu horretan galtzea kolpe handia izango zen Romneyrentzat, Santorumek baino lau aldiz gehiago gastatu baitu hauteskunde kanpainan. Etxe Zurira iritsi diren hautagai errepublikano guztiek irabazi egin dute Ohion.

Hori horrela, botoen % 96 zenbatuta, Romneyk % 38 lortu ditu, eta Santorumek % 37. Hots, 12.000 botoko aldea baino ez.

Garaipena oso estua izan da, eta gehienbat garrantzi sinbolikoa dauka, ez baitio bultzadarik emango hurrengo estatuetako hauteskundeei begira. Hurrengoak herrialdeko hegoaldean izango dira, eta han ez da faborito.

Ohion ez ezik, Romneyk Virginian, Vermonten, Massachusettsen, Idahon eta Alaskan ere irabazi du.

Bere aldetik, Santorum Tennesseen, Oklahoman eta Ipar Dakotan izan da garaile. Newt Gingrich Ordezkarien Ganberako presidente ohiak sorterrian baino ez du irabazi, hau da, Georgia estatuan.

'Superastearte'ra iritsi baino lehen, Romneyk 203 ordezkari zituen, Santorumek 92 eta Gingrichek 33.

Orain, CNN telebista-katearen kalkuen arabera, Romneyk 359 ditu, Santorumek 139, Gingrichek 93 eta Ron Paulek 60.

Alderdi Errepublikanoaren presidentegaia izateko, 1.144 lortu behar dira.

Laburbilduz, 'superasteartea'ren ostean denak berdin jarraitzen du lehia errepublikanoan, eta Romney irabazle matematikoa izan bada ere, argi geratu da ez duela lortu boto-emaileak liluratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea