Mundua -

Koronabirusa

Covidaren aurkako neurri berriak hartzea aztertzen ari da Alemaniako Parlamentua, kasuen igoera dela eta

Astebetean bikoiztu egin da kutsatze kopurua, eta atzo soilik 50.000 kasu atzeman zituzten Alemanian. Scholzek proposatu du ez amore ematea txertaketa-tasa handiagoa lortzeko ahaleginean, eta prebentzio-neurri gehiago hartzea egoitzetan eta lantokietan kutsatzeak saihesteko.

Olaf Scholz, gaur goizean, Bundestagen. EFE
Olaf Scholz, gaur goizean, Bundestagen.
Olaf Scholz, gaur goizean, Bundestagen. EFE

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Robert Koch Institutuak baieztatu duenez, Alemanian, azken egunean 50.000 koronabirus kasu baino gehiago izan direla, aseteazkeneko 40.000 kasuren bueltako marka gaindituz. Azken 24 orduetan, zehazki, 50.196 kutsatze hauteman dira eta 235 pertsona hil dira, guztira, 4.894.250 eta 97.198 dira, hurrenez hurren.

Asteazkenean jakinarazitako 39.676 positiboekin alderatuta, positiboen kopuruak nabarmen egin du gora, eta aurreko astean erregistratutakoen bikoitza baino gehiago da.

Asteko intzidentzia metatua 249,1 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta gora doa laugarren egunez jarraian. Astelehenean gainditu zuen, lehen aldiz, 100.000 biztanleko 200 kasuren langa.

Azken asteetako goranzko joera berrestera dator datu hau, eta Europan indarra hartzen ari den laugarren olatua Alemania kolpatzen hasi da txertaketa-tasa % 70era iritsi ezinean geratu dela; asteartera arte, Alemaniako biztanleen % 69,8k zuen dosiren bat jarrita, % 67,3k du jarraibide osoa.

Datuen garapena ikusita, Olaf Scholz Alemaniako Finantza ministro eta, okerrik ezean, kantziler izango denak, ohartarazi duenez "birusak gure artean jarraitzen du" eta ezin dela arretarik galdu.

Hori dela eta, Gobernu koalizioa negoziatzen ari diren hiru alderdiek, Scholz beraren Alderdi Sozialdemokratak (SPD), Berdeak eta Alderdi Liberalak FDP), bultzatutako lege proiektu baten baitako neurriak iragarri ditu Bundestagen. Gaur-gaurkoz, gehiengo nahikoa dute proposamenak aurrera egin dezan.

Scholzek adierazi du txertoak hor daudela orain, duela urtebete ez bezala; aitzitik, ohartarazi du, jende askok ez duela txertorik jarri nahi izan, eta, beraz, funtsezko jo du herritarrak konbentzitzeko eta txertaketa-kanpaina bizkortzeko ahaleginei eustea.

Era beran, indarrean diren arauak betetzen direla kontrolatzea eskatu du, hala nola, maskaren erabilera edo txertaketa-ziurtagiriak toki jakin batzuetan aurkeztu behar izatea; doako testetara itzultzeko beharra ere defendatu du, beste neurri batzuei bide eman ahal izateko.

Besteak beste, adinekoen egoitzetanlangileek ez ezik bisitariek ere egunero test bat egin behar izatea proposatu dute. Horrez gain, lanpostuetan, lege berriaren arabera, derrigorrezkoa izango da txertatuta egotea edo egunero test negatibo bat aurkeztea.

Scholzen hitzaldia irailaren 26ko hauteskunde orokorretan garaipena lortu zuenetik osasun krisiari buruz egin duen lehen hitzartzea izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Koronabirusa Maskarak Olaf Scholz