Mundua -

GLASGOW-ko GOI-BILERA

COP26ren zirriborroak lausotu egin du ikatza ez erabiltzeko eskakizuna, baina 1,5ºCren muga indartu du

Garapen bidean dauden herrialdeei klima aldaketari aurre egiteko egokitzapenean laguntzeko finantzazioa 2025a baino lehenago bikoiztea eskatzen die testu berriak herrialde aberatsenei.

Bi aktibista, protestan, Glasgown. Argazkia: EFE.
Bi aktibista, protestan, Glasgown. Argazkia: EFE.
COP26k porrot ez egiteko, herrialde aberatsek dirua jarri beharko dute mahai gainean

1:16

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Glasgowko COP26 klimari buruzko goi-bileran 190 herrialdeei aurkeztutako azken zirriborroan ikatzaren erabilera amaitzeko exijentzia kendu dute eta erregai fosil batzuentzako laguntzei eutsi diete, baina indartu egiten du mende amaierarako tenperaturaren gorakada gehienez 1,5ºCkoa izateko helburua.

NBEren goi-bilera amaitu eta hurrengo egunean, luzapenean, aurkeztutako zirriborroan, egokitzapenean jartzen da azpimarra, bai tokian tokiko egitasmoetan, bai eskualde mailakoetan, bai estatu osokoetan.

Gainera, herrialde aberatsenei klima finantzazioa premiaz egiteko deia egiten zaie, garapen bidean dauden herrialdeei klima aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko. Baina dirua ez ezik, baliabide teknologikoak herrialde txiroenen esku jartzea proposatzen du.

Hala, garapen bidean dauden eta klima aldaketaren ondorioak pairatzen ari diren herrialdeetan esku hartzeko dei zabala egiten du.

Izan ere, Glasgowko akordio zirriborroak "kezka" agertzen du klima aldaketara egokitzeko finantzazioaren horniduraren aurrean, "gutxiegi" delako garapen bidean dauden herrialdeetan izaten ari den eraginari aurre egiteko.

Bestalde, alde askotariko garapen bankuei eta bestelako finantza erakundeei finantzazioa mobilizatzen laguntzeko eskatzen die, egitasmo klimatikoa burura eramateko beharrezko baliabideak eskuratzeko. Horren harira, iturri pribatuetatik finantzaziorako tresna berritzaileak asmatzea proposatzen du.

Finantzazioa

Hain zuzen ere, finantzazioa da akordiora iristeko azken oztopo nagusia, herrialde aberatsenek klima aldaketaren ondorioak pairatzen ari diren herrialde txiroenei, egoerari aurre egiteko, eman beharreko dirua.

Negoziazioko iturrietatik azaldu dutenez, karbono merkatuaren funtzionamenduari buruzko tentsioa baretzen ari da, baina "galera eta kalte"en finantzazioan oztopo handia dago, hau da, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko neurrietara bideratu beharreko diruan.

Eskuartean duten azken txostenean finantzaziorako "elkarrizketa" mekanismo bat aipatzen da, ekarpen ekonomiko zuzenak zehaztu beharrean.

1,5ºC

Tenperaturaren gorakadari dagokionez, testu berriak berretsi egiten du industria aurreko tenperaturaren aldean 1,5ºCko gorakada maximoa, horrek nabarmen murriztuko lukeelakoan klima aldaketaren eragina eta arriskua.

Azken batean, 1,5ºCko mugaren helburua berresten du azken testuak, goi-bileraren atarian ezarri zen helburua alegia.

Baina testuak aitortzen du 1,5ºCko muga horretara iristeko CO2 isuriaren murrizketa "azkarra, sakona eta iraunkorra" izan behar dela: CO2rena % 45ekoa 2010etik 2030era, eta klima neutraltasuna "mende erdialderako".

Horregatik, beharrezko jotzen dute "bizkor" ekitea "hamarkada kritiko" honetan, beti ere kontuan izanda herrialde bakoitzak bere ardura duela eta pobrezia deuseztatu beharra dagoela.

Energia

Bestalde, teknologien garapena eta zabalkundea azkartzeko deia egiten da azken zirriborroan, gutxi isurtzen duten energietarako egokitzapenerako, energia garbien eta eraginkorren bitartez, baina baita ikatzaren eta "eraginkorrak ez diren" erregai fosilen erabilera deuseztatzeko neurriekin. Horretarako, trantsizio justua aldarrikatzen du testuak.

Baina ez da ikatzaren amaierarako datarik aipatzen, eta erregai fosil batzuentzako laguntzak ez dira ukitzen. Azken horrek negoziazioak korapilatu ditu nabarmen.

COP27

Hurrengo urteari begira, NBEren Klima Aldaketako Adituek 2022ko amaieran egingo den COP27 goi-bileran egokitzapenari buruzko ondorioak eta ikertzaileen eskakizunak aurkezteko deia egiten du testuak.

Greenpeace

Greenpeacek azpimarratu du "tentsioa" izan dela nagusi gaurko negoziazioan, zirriborro berriak ez dituelako alde guztiak asetzen; alde batetik, erregai fosilen amaierari buruzko hitzek indarra galdu dutelako eta, bestetik, herrialde zaurgarrien ustez ez delako serioa klima aldaketak eragindako galerei eta kalteei aurre egiteko proposatu den finantzazio mekanismoa.

Juan Pablo Osorio Greenpeacen COP26ko negoziazioetarako ordezkariak esan du historikoa izango dela gaurko batzarra, akordioa bozketa bidez onartu edo atzera botako delako.

Osoriok kritikatu du erregai fosilei buruz akordioan idatzitakoak "ahuldu" egiten duela zirriborro berria, ikatzaren eta erregai fosilen erabileraren amaiera "azkartzea" proposatzen duelako besterik gabe.

"Esfortzua azkartzeaz ari da, ez du lortzea eskatzen", azaldu du ordezkari ekologistak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nazioartea Eskozia Europa Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Larrialdi klimatikoa Energia berriztagarriak NBEren klimari buruzko goi-bilera Energia iturriak gaur