Mundua -

KORONABIRUSA

Israel 5 eta 11 urte arteko haurrak txertatzen hasiko da hurrengo astean

Pfizerren txertoa emango zaie, eta dosia 10 miligramokoa izango da, helduei ematen zaienaren herena.

AEBn hasi dira 5 eta 11 urteko haurrei txertoa jartzen. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia
AEBn hasi dira 5 eta 11 urteko haurrei txertoa jartzen
AEBn hasi dira 5 eta 11 urteko haurrei txertoa jartzen. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Osasun Ministerioak argi berdea eman dio 5 eta 11 urteko adin txikikoak koronabirusaren aurka txertatzeari. Pfizerren txertoa jarriko diete, eta dosi bakoitza 10 miligramokoa izango da, helduei ematen zaienaren herena.

Aurreikuspenak betetzen baldin badira, Israelek Pfizerren txerto gehiago jasoko ditu asteazkenean edo ostegunean, eta txertoa nola jarri azalduko diete osasun langileei.

AEBko Elikagai eta Medikamentuen Administrazioak (FDA, ingelesez) 5 eta 11 urte bitartekoak Pfizerrekin txertatzeari onespena eman eta gutxira iritsi da Israelen erabakia.

Argentinan, Kolonbian eta Ekuadorren ere hasiak dira 12 urtez azpikoak txertatzen. Kolonbian, Sinovac txertoa jartzen ari zaie 3 eta 11 urte bitartekoei; Argentinan, Sinopharm, 3 eta 11 urte artekoei; eta Ekuadorren, Sinovac, 6 eta 11 urte artekoei.

Israelek oso hilabete gutxitan burutu zuen 12 urtetik gorakoak txertatzeko prozesua. Udan munduko lehen herrialdea izan zen errefortzu dosia jartzen, eta dagoeneko lau milioi herritarrek baino gehiagok hartu dute Pfizerren hirugarren txertoa.

Gaur-gaurkoz, positiboen tasa % 1 baino txikiagoa dute Israelen, 5.600 gaixo aktibo dituzte eta horietatik 145 baino ez daude ospitaleratuta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Israel albisteak azken ordukoa Osasun albisteak Txertoak Koronabirusaren olatua gaur