Mundua -
AEB - TXINA
Mundu mailako erronkei aurre egiteko elkarlanean aritzea defendatu dute Joe Bidenek eta Xi Jinpingek
Joe Biden Etxe Zurira iritsi zenetik Ameriketako Estatu Batuetako eta Txinako presidenteek egin duten lehen bilera izan da.
AGENTZIAK | EITB Media
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eta Xi Jinping Txinako presidenteak bien arteko lehen bilera telematikoa egin dute bart, eta, besteak beste, mundu mailako erronka diren klima-aldaketari eta pandemiari aurre egiteko elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute.
Goizaldekoa bien arteko lehen aurrez aurreko bilera izan da Joe Biden Etxe Zurira iritsi zenetik, eta hiru ordu eta erdi iraun du. Gaurko hitzorduaren aurretik bien arteko hartu-emanak laburrak eta telefono bidezkoak izan dira.
Bi herrialdeen arteko lehia "sinplea eta zuzena" izan behar dela uste du Etxe Zuriko maizterrak. Ados ez daudenean argiak eta zintzoak izatea eta interes partekatuak dituztenean elkarrekin lan egitea defendatu du, bereziki, globalak diren gaietan, klima-aldaketa kasu.
Bidenen esanetan, Txinaren eta AEBren arteko harremanak, lurralde horietan ez ezik, eragin nabarmena du munduko beste herrialdeetan ere. Horren jakitun egin du elkarrekin aritzeko deia.
Xi Jinping Txinako presidenteak ere elkarlana aldarrikatu du. Haren hitzetan, biek ala biek hainbat erronkari aurre egin behar diete eta "komunikazioa eta lankidetza" aipatu ditu hori lortzeko bide gisa. "Ondo kudeatu behar ditugu gure barne arazoak, eta, aldi berean, gure gain hartu nazioarteko arazoen gain dugun erantzukizuna", nabarmendu du.
Txinaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko harremanek elkarrekiko errespetua, bakea eta lankidetza izan behar dituztela oinarrian esan du Xi Jinpingek, eta Joe Bidenekin lan egiteko prest agertu da.
Taiwan da bi potentzien artean desadostasuna eragiten duen gaietako bat. Txinak bere lurraldearen zatitzat jotzen du Taiwan, nahiz eta 1959az geroztik de facto estatu independentea izan.