Itxi

2021/11/18

20:25

Mundua

Koronabirusa

Osasun langileei derrigorrezko txertoa eta txertatu ez diren herritarrei murrizketak ezarriko dizkie Alemaniak

Agentziak | EITB Media

Pandemiaren egoera "dramatikoa" dela esan du Angela Merkel kantzilerrak. Bestalde, gaixotasun infekziosoen aurkako babes legearen erreforma onartu du Bundestagek.

1:25
Txertaketa Alemanian. Irudia: EITB Media
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Osasun langileei edo pertsona zaurgarriekin harremanetan dauden profesionalei derrigorrezko txertoa eta oraindik txertoa jaso ez duten herritarrei murrizketak ezarriko dizkie Alemaniak, intzidentzia eta ospitaleratze maila zehatzak gainditzen direnean.

Angela Merkel kantzilerrak neurri-sorta zabala iragarri du gaur, Olaf Scholz bere balizko ordezkoarekin batera, landerretako buruzagiekin bildu ondoren. Alemanian, intzidentziak gora egin du berriro ostegun honetan, 100.000 biztanleko 336,9 positibo izan baitira.

100.000 biztanleko 5,15 ospitaleratze izan dira azken zazpi egunetan, eta biztanleen % 67,7k amaitu dute txertaketa, Europako mendebaldeko ehunekorik txikienetako bat.

DPA albiste-agentziak aipatutako iturriek baieztatu dutenez, aisialdi, kultura edo kirol instalazioetan sartu ahal izateko, txertaketa bukatuta izan beharko dute herritarrek, edo covid-19a gainditurik.

Ospitaleratze tasa 3 zenbakira heltzen denean sartuko dira murrizketak indarrean, hau da, 100.000 pertsonako hiru pertsona daudenean ospitalean covid-19aren ondorioz.

La canciller saliente, Angela Merkel, junto a su probable sucesor, el socialdemocrata Olaf Scholz. Foto: EFE

Angela Merkel kantzilerra eta Olaf Scholz bere balizko ordezkoa, bileran. Argazkia: EFE

Tasa bost egunetan jarraian 3tik behera izanez gero, murrizketak arinduko lirateke. 18 urtetik beherakoek ez dituzte neurri murriztaileak bete beharko.

Bestalde, tasa 6tik gorakoa izanez gero, txertaketa bukatuta dutenek edo covid-19a gainditu dutenek ere proba diagnostiko negatiboa aurkeztu beharko dute instalazioetan sartzeko.

Pandemiaren egoera "dramatikoa" dela esan du Angela Merkel kantzilerrak. "Larrialdia" dela nabarmendu du agintariak bileran, eta ohartarazi du txertatuen ehunekoa ez dela nahikoa laugarren olatua gelditzeko.

Bundestag

Bundestagek (Alemaniako Parlamentu Federala) gaixotasun infekziosoei aurre egiteko babes legearen erreforma onartu du gaur. Sozialdemokratek, berdeek eta liberalek nahi dute etorkizunean koronabirus pandemiaren aurkako neurriak hartzeko oinarri gisa balio izatea. Besteak beste, telelana gomendatu dute.

Sozialdemokratek, berdeek eta liberalek aldeko botoa eman dute, bloke kontserbadoreak eta AfD ultraeskuineko alderdiak kontrakoa, eta ezkerra abstenitu da. Aurreneko hirurek bultzatutako erreforma aldeko 398 botorekin, kontrako 254rekin eta 36 abstentziorekin onartu dute.

Gobernu koalizioa negoziatzen ari diren alderdiek legezko marko bat bermatu nahi dute, azaroaren 25ean epidemia egoera bertan behera geratzen denean, neurriak aplikatu ahal izateko. Orain arte landerrek neurri murriztaileak aplikatu dituzte, parlamentuen oniritzia jaso beharrik gabe.

Pazienteak atzerrira eraman behar izan dituzte

Dagoeneko zenbait paziente atzerrira eraman behar izan ditu Alemaniak, ospitaleen presioari irtenbide bat emateko. 100 barrutitan (400 daude guztira) ohe bakarra dago hutsik, eta 50 barrutitan ez dute ohe librerik ZIUetan.

Egoera bereziki dramatikoa da Bavarian (Alemaniako hegoaldea) eta Baden-Württembergen (hego-mendebaldea). Horrela, iragan astean bi paziente helikopteroz eraman zituzten Munichetik Bolzanora (Italiako iparraldea), Rainald Kaube Freisingeko ospitaleko zuzendariak jakitera eman duenez.

Konfinamendua Austria

Bestalde, Austriako agintariek iragarri dute kutsatze tasa metaturik handiena duten bi lurraldeak (Salzburgo eta Austria Garaia) konfinatuta egongo direla astelehenetik aurrera.

Horrez gain, txertatu gabe dauden pertsonak konfinatuta daude joan den astelehenetik.

Itxialdiak hiruzpalau asteko iraupena izango du, aurreikuspenen arabera, eta denbora tarte horretan supermerkatuak, farmaziak eta dendak irekita egongo dira; jatetxeak, kafetegiak eta tabernak, berriz, itxita.

Itxialdiak iraun bitartean, herritarrak funtsezko arrazoiengatik soilik atera ahalko dira etxetik; medikuarenera, lanera edo kirola egitera joateko, esaterako.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;