Mundua -
Parlamenturako hauteskunde
Protesta ugari Eslovakian, Parlamentua berritzeko hauteskunde egunean
Lau milioi eslovakiar botoa ematera deitu dituzte Batzorde Nazionaleko 150 aulkiak berritzeko. Ustelkeria trama baten berri zabaldu denean, protesta ugari izan dira herrialdeko hainbat puntutan.
Erredakzioa
Eslovakiako hauteslekuek larunbat honetako 06:00etan ireki dituzte ateak, botoa ematera deitu dituzten lau milioi eslovakiarrek behar baino lehenagoko hauteskunde orokorretan parte hartu ahal izateko. Hautestontziak 21:00ak arte izango dira zabalik eta deialdi honetan Batzorde Nazionaleko 150 aulkiak berrituko dituzte.
Guztira, 26 alderdi lehiatuko dira hauteskundeetan eta dirudienez, herritarren % 40k babesa eskainiko dio Robert Fico lehen ministro ohiaren alderdiari.
Eslovakian ez dira botoa eman osteko galdeketak egiten, hauteskunde legea urratzen duelakoan. Hori dela eta, gauerdira arte ez dira lehen emaitza ofizialak zabalduko.
Protestak, nonahi
Hauteskunde egunaren bezperan protesta ugari izan dira herrialdeko hainbat puntutan, Eslovakiaren historian aurrekaririk gabeko ustelkeria trama baten berri zabaldu ostean.
Mikulas Dzurinda (2002-2006) kontserbadorea Gobernuaren buru zela, enpresen pribatizazioa adosteko enpresariek eta politikariek egindako bileren berri eman zuten kontraespioitza eslovakiarrek.