Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Bost pertsona hil eta 40tik gora zauritu dituzte Wisconsinen, ibilgailu batekin harrapatuta
Ibilgailu batek Gabonetako desfile batean parte hartzen ari ziren hainbat lagunen aurka egin du. Gidaria atxilotuta dago eta Poliziak eraso terrorista izan dela baztertu du.
AGENTZIAK | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuetan, auto batek Gabonetako desfile batean zeudenen aurka egin du eta bost hildako eta 48 zauritu -tartean bi adin txikiko daude- eragin ditu Wiscosin estatuko Waukesha hirian. Gidaria atxilotu egin dute eta Poliziak eraso terrorista izan dela baztertu du.
Ustez nahita egindako harrapaketa han 16:40 zirenean gertatu da, Gabonetako desfilea egiten ari zirela. Lur orotariko ibilgailu batek babes hesiak zeharkatu ditu eta parte-hartzaileak eta ikusleak bata bestearen atzetik harrapatu ditu. Kaleko ikuskizun horretan dantzariak, musikariak eta politikariak parte hartzen ari ziren, hiriko kale nagusian barrena. Pandemiaren ondorioz, aurreko edizioa bertan behera gelditu zen.
Hasiera batean, eraso terrorista izan zitekeela zabaldu da, baina Poliziak hipotesi hori baztertu egin du. "Ez dago inolako frogarik atentatu terrorista izan dela esateko", azpimarratu du Daniel Thompson Waukeshako poliziaburuak.
Ildo horretan, atxilotutako gizonak 39 urte dituela jakinarazi du eta harrapaketa horren aurretik "etxeko liskar batean" nahasita egon dela zehaztu du.