Mundua -

Istripua Errusian

46 meatzari eta 6 erreskatatzaile hil dira Errusiako ikatz meategi batean izandako leherketan

250 metroko sakoneran metano gasa pilatu eta lehertu dela uste dute tokiko agintariek. 38 meatzarik eta 11 erreskatatzailek ospitalean jarraitzen dute.

Istripua izan den ingurua. REUTERS
Istripua izan den ingurua. REUTERS
Istripua izan den ingurua. REUTERS

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kemerovo (Siberia Mendebaldea) Errusiako eskualdeko agintariek hiltzat jo dituzte 46 meatzari eta 6 erreskatatzaile, ikatz meategi batean leherketa bat izan ostean. 

"Hiltzat jo ditugu desagertutako 35 meatzariak, eta, beraz, hildakoak, denera 52 lirateke (46 meatzari eta 6 erreskatatzaile)", esan du Serguei Tsiviliov eskualdeko gobernadoreak Telegrameko bere kanalean. 

Agintariek adierazi dutenez, 38 meatzari eta 11 erreskatatzaile ospitaleratu dituzte. 

"Metano leherketa bat da istripuaren arrazoi posiblea, baina arrazoi zehatza batzorde batek argituko du", esan du gobernadoreak, eta armadako hiru sorosle talde bidali dituela jakinarazi du. 

Tsiviliovek esan duenez, sorosleek "modu naturalean metanoz bete zen meategi zatiak isolatuko dituzte. Hemendik hiru bat egunera gasaren maila % 20 igoko da eta leherketa arriskua jaitsiko da", eta orduan zehaztuko dute bilaketa lanekin nola jarraitu.

Hiru egun horietan, sorosleek sutearen ondorioak gutxitzeko lanean jarraituko dute, sute berriak sortzeko arriskua murrizteko. Gainera, putzu bat zulatuko dute sute berririk balego itzaltzeko. 

Errusiako Larrialdi Egoeretarako Ministerioko lurralde departamentuak azaldu duenez, istripua izan denean 285 langile zeuden meategian, horietatik 236 berehala atera dituzte. 

Listviazhnaya meategiko arduradunen arabera, sutea 250 metroko sakoneran gertatu da, aireztapen sisteman leherketa bat izan ostean. 

1956. urtean Gramoteinskaya 1-2 izenarekin zabaldu zen meategi hau berreraiki eta modernizatu egin dute ordutik, eta azken istripu larria 2004an izan zen bertan; 13 langile hil ziren orduan leherketa batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Nazioartea Errusia Eguneko albisteak Albisteak