Mundua -

Guztira 28 pertsona hil dira

22 ume hil dira Suitzan izandako autobus istripu batean

Umeak Belgikara bueltan zihoazen, Suitzako Alpeetako eski kanpamendu batean oporretan izan eta gero.

Erreskate taldeak, istripua izan den tunelaren sarreran. EFE
Erreskate taldeak, istripua izan den tunelaren sarreran. EFE
Autobus istripua Suitzan: 28 hildako eta 24 zauritu

02:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 28 pertsona hil dira, horietako 22 umeak, Suitzan, Sierre herriaren parean, jazotako autobus istripu batean, agintariek prentsaurrekoan jakinarazi dutenez.

Beste 24 haur zauritu egin dira. Denak 12 urtekoak inguru dira.

Autobusak talka egin du tunel batean, horma baten aurka, baina oraindik ez dakite zer dela eta. Orotara 52 pertsona zihoazen ibilgailuan.

Valaisko kantoiko agintariek azaldu dutenez, umeak Belgikakoak dira, Lommel eta Hervelee herrikoak (herrialdeko iparraldea) hain zuzen ere, eta etxera bueltan zeuden, Suitzako Alpeetako eski kanpamendu batean oporretan izan eta gero.

Autobuseko bi gidariak ere hil egin dira. Zauritutako guztiak lau ospitaletara eraman dituzte.

François Genoud Sierre komunako presidenteak adierazi du "Suitzan aurrekaririk ez duen drama" dela, eta zehaztu du autobusak "dozena bat kilometro" baino ez zituenean egin jazo zela.

Genouden esanetan, ezbeharra izan den lekua "ez da errepide horretako beste toki batzuk baino arriskutsuagoa", eta galtzadaren egoera "oso ona" zen. Gainera, istripua tarte zuzen batean jazo denez, "zaila da ulertzea zer gertatu den".

Sierreko presidenteak esan du herritarrak "gaur goizean esnatutakoan" jabetzen ari direla gertatutakoaz, "eta, noski, shock egoeran geratu dira".

Laguntza familiei

Biktimen senideak hurrengo orduetan iritsiko dira, eta psikologoek laguntza eskainiko diete.

RTS Suitzako irrati publikoan egindako adierazpenetan, Jan Luykx Belgikak Bernan duen enbaxadoreak iragarri du balitekeela senideak Armadaren hegazkinetan joatea.

Jacques Melly Valaisko Estatu Kontseiluko presidenteak erantsu du "harrera eta babes zentro bat" prestatzen ari direla senideentzat, eta bertan psikologoak eta itzultzaileak izango direla.

Mellyren hitzetan, "autobusa ia berria zen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea