Mundua -
KORONABIRUSA
Boris Johnsonen alderdiko 96 diputatuk covid ziurtagiria aplikatzearen kontra bozkatu dute
Alderdi kontserbadoreko matxinada gorabehera, Komunen Ganberak argi berdea eman dio covid ziurtagiria eta beste neurri murriztaile batzuk ezartzeari.
AGENTZIAK | EITB Media
Erresuma Batuko Komunen Ganberak argi berdea eman zion atzo covid ziurtagiria diskoteketan eta ekitaldi jendetsuetan eskatzeari eta pandemiari aurre egiteko beste neurri murriztaile batzuk ezartzeari. Lehen ministro britainiarrak, ordea, alderdi barruko matxinadari aurre egin behar izan zion Parlamentuan, boterera heldu zenetik lehendabizikoz. Izan ere, 96 diputatu kontserbadorek Gobernuaren kontra bozkatu zuten.
Bere alderdiaren zati bat aurka zuela, Boris Johnsonek atzoko bozketa galduko zukeen alderdi aboristaren babesa izan ez balu. Horri esker, lehen ministroak bozketa irabazi zuen aldeko 369 botorekin eta kontrako 126rekin.
Diputatuen artean eztabaida sortu zuten, halaber, datorren urtetik aurrera osasun langileek covid-19aren aurkako txertoa hartu behar izateak eta berriro ere musukoa leku itxietan erabili behar izateak. Lehenengo neurriaren aurkako botoa eman zuten 61 diputatu kontserbadorek eta bigarrengoaren kontrakoa, ostera, 38k. Dena dela, bi neurri horiek ere onetsi zituen Komunen Ganberak.
Sajid Jaivid Erresuma Batuko Osasun ministroak neurri murriztaileak defendatu zituen ospitaleek gainezka egitea saihesteko ezinbestekoak direla iritzita. Alderdi kontsebardoaren baitako matxinadaren buruetako bat izan zen Mark Harper diputatu kontserbadoreak, ostera, beharrik gabe "izu eta larrialdi egoeran" sartzea leporatu zion Gobernuari.