Mundua -

Zientzia

Abiatu da James Webb, espaziora sekula bidali den teleskopio handiena

Mundu guztiaren esku jarri ahal izango dituzte orain arte ikusi gabeko irudiak, eta unibertsoaren sorkuntzaz gehiago jakiteko aukera emango du.

James Webben aireratzea. Argazkia: Efe
James Webben aireratzea. Argazkia: Efe
Espaziora sekula bidali den teleskopiorik handiena jaurti dute

1:27

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

James Webb teleskopioa, espaziora sekula bidali duten handiena, gaur eguerdian abiatu da Ariane 5 kohetearen barruan Frantziar Guyanatik.

Inolako ezusterik gabe aireratu da kohetea, baina zerua erdi lainotuta zegoenez, ezin izan da nabarmen ikusi kohetearen aireratzea eta motorrak utzi ohi duen ke arrastoa.

NASAk azpimarratu du "zientzia arloan hamarkada berri eta hunkigarri bat" hasiko dela orain, eta James Webb teleskopioari esker "espazioaz dugun ikuspuntua aldatu" egingo dela.

Europako Espazio Agentziak (ESA), berriz, adierazi du "Eguberri opari ikaragarria" izan dela gaurkoa, bereziki espazioko zientziarentzat.

Webben bidaia gaur hasi da, baina ia hiru hamarkadako garapen eta eraikuntza lanaren emaitza da, urtetako atzerapenak tarteko.

Ez omen da Big Bangaren (unibertsoa sortu zuen leherketa handia) ostean jaio ziren lehenengo galaxien ezagutza soilik handituko; historiaren ezagutza bera ere zabalduko omen da.

James Webbek mundu guztiaren eskura jarriko ditu orain arte ikusi gabeko datuak eta irudiak. "Orain arte ikusi izan ez ditugun koloreak" eta "egungo astrofisikan bururatu ez zaizkigun" gauzak begiztatuko dituzte, besteak beste, Nestor Espinoza misioan parte hartzen ari den zientzialari txiletarraren arabera.

NASAren, ESAren eta Kanadako CSAren arteko elkarlanaren emaitza da James Webb, eta Lur planetatik 1,5 milioira joango da, hau da, ilargia baino lau aldiz urrunago.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Nasa