Mundua -
Israel
136 egun bete ditu gose-greban preso palestinar batek, egoera kritikoan
Inongo kargurik eta epaiketarik gabe, Hisham Abu Hawash presoak 136 egun daramatza protestan Israelek ezarritako atxiloketa administratiboagatik. Duela hiru egun ospitale batera aldatu zuten, osasun egoeragatik. Agintariek, baina, ez dute aske utzi.
Agentziak | EITB Media
Hisham Abu Hawash preso palestinarrak 136 egun bete ditu gose-greban, kargu zein epaiketarik gabe Israelek inposatutako atxiloketa administratiboa dela medio. Palestinarraren osasuna oso kaltetuta aurkitzen da; hitz egiteko zein ikusteko gaitasuna galdu du gose grebagatik.
Duela hiru egun ospitaleratu zuten Hawash, egoera kritikoan sartu ostean. Bere osasunaren larritasunaren aurrean, Israelgo agintariek presoaren atxiloketa administratiboa izoztea erabaki zuten. Hala eta guztiz ere, indarrean mantentzen da. Abendu erdialdean, auzitegi israeldar batek uko egin zion Hawash libre utzi eta artatzeari. Ramlako espetxearen esku (han izan da hilabete luzez) utzi zuten bera ospitaleratzeko erabakia.
2020ko urriaren 27an atxilotu zuten palestinarra, eta atxiloketa administratiboko hiru agindu jaso zituen, sei hilabetekoa bakoitza. Guztira, zortzi urte igaro ditu Israelgo espetxeetan, 52 hilabete kargurik gabeko atxiloketa administratibo pean, Wafa Palestinako agentzia ofizialaren arabera.
Halako atxiloketen politikak, nazioarteko gizarteak zabal gaitzesten duena, palestinarrak atxilotzea ahalbidetzen du, kargurik edo epaiketarik gabe tartean. Hiru eta sei hilabete arteko epean berritu daitezke, presoen abokatuek ere aztertu ezin dituzten frogetan oinarrituz.
Preso batzuen askatasuna
Kayed al Fasfus preso palestinarra aske utzi zuten abenduaren 4an, 131 eguneko gose-greba ostean. Era berean, Loai al Ashqarek ere amaitutzat jo zuen gose greba hasi eta 49 egunera, Israelgo agintariekin askatasuna hitzartu ostean. 113 egun eta gero, Miqdad Qawasmeh presoak ere gose-greba amaitu zuen joan den azaroan, otsailean askatuko dutela jakin ostean.
Gaur egun, Israelek 500 palestinar ditu atxiloketa administratiboan. Guztira, 4.600 preso palestinar ditu Israelek.
Atxilotu palestinarrek gose-grebak egitera jo ohi dute atxiloketa administratiboaren politikaren aurka egiteko, Nazioarteko Zuzenbidearen kontra doana. 2021 hasiera aldetik, 60 preso inguruk hasi dute gose-greba.
Betselen GKEaren arabera, "Israelek errealitate juridiko kafkianoa sortu du palestinarrentzat, epaiketarik gabe ehunka preso espetxeratuz zehaztu gabeko tarte batez, etorkizunean delitu bat egingo duten argumentuarekin".